Literatura

Luis Mari Mujika idazle eta euskaltzalea hil da

Bibliografia oparoa utzita zendu da idazle, toponimia ikertzaile, Egan aldizkariko zuzendari eta literatur ikerlaria.

Luis Mar Mujika idazle, toponimia ikerlari eta euskaltzain urgazlea. GARI GARAIALDE/ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2017ko apirilaren 3a
18:53
Entzun

Ibilbide luzeko eta emari handiko sortzailea izan da Luis Mari Mujika (Lizartza, Gipuzkoa, 1939- Donostia, 2017). 77 urterekin hil da. Filologia ikasketak egin zituen, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eskolan aritu zen irakasle, baina, nagusiki, literaturan, toponimian, euskalgintzan eta hiztegigintzan eginiko lan nekaezinagatik izan da ezagun. Idazle, euskaltzain urgazle, literatur kritikari eta poeta.

1963an argitaratu zuen bere lehen literatur lana, eta 24 lan baino gehiago eman ditu argitara geroztik. Poesia landu zuen hasieran, nagusiki, eta horren lekuko dira, besteak beste, Bide giroak (Sendoa, 1963), Urdin eta burni (Auñamendi, 1965) eta Hitzak ebakitzean (Kriseilu, 1975) liburuak. Bere garaikideek landutako bidearen kontra, neurtitzetan aritu zen bera bere ibilbidearen zatirik handienean. Literatur sari gehien irabazi duen euskal idazleetariko bat ere izango zela kalkulatu zuen Felix Ibargutxi kazetariak Auñamendi entziklopedian.

1936ko gerra kokaleku

Eleberriak, kronikak eta saiakera lanak ere eman zituen argitara. Memoria galduak (Hiria) eleberria argitaratu zuen, adibidez, 2000. urtean. Bilbon kokatu zuen kontakizuna, frankismoaren azken urteetan, eta azken unean EAJ alderdira afiliatutako gizon bat da protagonista. Bandoz aldatu zen burgesiari egindako kritika bat zen liburua, idazlearen hitzetan. 1936ko gerran kokatutakoak dira bere beste liburuetariko batzuk.

1990eko hamarkadan hartu zuen Egan aldizkariaren zuzendaritza, eta luzea da egindako literatura ikerketen zerrenda ere. Nabarmentzekoak dira, esaterako, euskal lirika tradizionalari eskainitakoa, Lizardiren poesiari buruz idatzitakoa, eta Txomin Agirreren nobelagintzari eskainitakoa ere. Hemezortzi liburu kaleratu zituen Gipuzkoako toponimiari buruz eta Arabako toponimia ere sakon ikertu zuen. “Araba euskararen lurraldea dela frogatzea izan da nire helburua”, azaldu zion orduan BERRIA egunkariari. Euskal Herrian Euskaraz elkartea bultzatzen ere aritu zen, besteak beste.

Bere lanean sinesturik

Barne ibilerak II izendatu zuen bere azken literatur lana (Hiria). 2007an aurkeztu, eta paisaiak zuen garrantzia azpimarratu zuen ordukoan. “Ingurune fisikoak gure baitan oihartzun pertsonalista ukan du, eta poemak horren ispilu eta isla dira, guretzat ederdura edo esetika kanpoan ikusiaren barne oihartzuna baino ez baita”. Liburu horren harira idatzitako kritikan galdera egin zion bere buruari Jon Kortazar literatur adituak: “Galdetu behar diot neure buruari, eta galdetu sistemari zer gertatzen den ibilbide luzeko idazleekin, berri-berri ez direnekin, puri-purian ez daudenekin, baina dena dela beren lanean sinistu eta lana kaleratzen dutenekin”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.