Errusia

Hamalau dira San Petersburgoko metroko erasoan hildakoak

Hasieran bi eztanda izan direla zabaldu den arren, bakarra izan da, bi geltokiren artean. Putinek esan du "aukera guztiak zabalik" dituztela.

Samara Velte.
2017ko apirilaren 4a
11:53
Entzun

Errusiako hiri nagusien artean bigarreneko metroa jarri dute jomugan. Astelehen eguerdian, eztanda handi bat izan zen San Petersburgoko Sennaia eta Tekhnologitxeski Institut geltokien artean, ustez bagoietako batzuk lehertuta. Hasierako informazioen arabera, gutxienez hamar lagun hil zirela zabaldu zen. Asteartean azaldu dute hamalau badirela, dagoeneko, leherketaren ondorioz hilak, eta larri daudela dozenaren bat herritar.

Erasoa eguerdiko 14:30ean gertatu zen, Euskal Herriko 13:30ean. Hasieran zabaldu zenez, bi geltokitan lehertu ziren bagoiak, baina gerora jakinarazi zuten batetik besterako bidean gertatu zela; gidariak ez zuen trena gerarazi hurrengo geltokira iritsi arte. Ordu gutxiren buruan, hiriko metro sare osoa hustu zuen Poliziak, eta geltokiak itxi zituen, kriminologoek gertatua argitzeko. Lehenbiziko hipotesien arabera, lehergailua bagoietan ipinita zegoen; telebista publikoak jakinarazi du metrailaz beteta zegoela. Vosstania metro geltokian ere topatu dute eskuz egindako lehergailu bat, eta indargabetu egin dute.

Interneteko erabiltzaileek sare sozialetan jarri dituzten hainbat iruditan, hautsita ageri dira bagoietako ate eta leihoak. Nasan, hainbat lagun ikus daitezke lurrean. Lekukoek tokiko hedabideei azaldu dietenez, hainbat bidaiarik metroaren leihoetatik irten behar izan dute.

«Aukera guztiak» zabalik

Fiskaltzak ere abiatu du gertatutakoari buruzko ikerketa. Vladimir Putin presidentearen arabera, «oraindik goizegi» da erasoaren jatorri zehatza aipatzeko, baina gobernuak zabalik dauzka aukera guztiak. «Ikerketak argituko du, baina arrazoi guztiak aztertzen ari gara, teknikoak zein kriminalak, eta, nagusiki, jatorri terroristako adierazpenak».

Putin, hain zuzen ere, hirian bertan zen erasoa gertatu zenean; besteak beste, hainbat komunikabide handirekin antolatutako foro bat eta Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentearekin hitzordu bat zeuzkan. Viktor Ozerov parlamentuko defentsa batzordeko bozeramaileak iradoki zuen hura izan zitekeela erasoaren arrazoietako bat, eta segurtasuna behar bezala ez bermatzea deitoratu zuen. Putinen bozeramaileak, ordea, ukatu egin du halako loturarik egotea: presidentea hiriaren kanpoaldean zegoela jakinarazi du Dmistri Peskov eledunak.

Bestelako daturik ezean, dolumin sorta heldu zaie nazioartetik sanpetersburgotarrei. Federica Mogherini Europako Batasuneko mandatariak esan du «Errusiako pertsona guztiak gogoan» dituztela berak eta EBko Atzerri ministroek. Ramzan Kadirov Txetxeniako Errepublikako buruak ere gaitzetsi du erasoa, eta egileak «jazartzeko» eskatu du. Gobernuak hiru eguneko dolu nazionala ezarri du hildakoak omentzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.