Kirola

Denboraldiko bigarren garaipena lortu du Osasunak, Alavesen kontura (0-1)

Hogeita bat jardunaldiren ondoren, garaipenaren bidera itzuli da Osasuna, Ipuruan egin bezala, Mendizorrotzan irabazi baitu. Berenguerren gol zoragarri batek erabaki du lehia.

jon eskudero
2017ko apirilaren 5a
22:55
Entzun

Beranduegi ziurrenik, baina azkenean, Osasunak lortu du hainbeste desiratutako garaipena, Mendizorrotzan. Joan den urteko urriaren 17an zuten eskuratua gorritxoek ligako garaipen bakarra, Ipuruan, Eibarri 2-3 irabazita. Ordutik, gorriak eta bi ikusi behar izan ditu Iruñeko klubak, zelaian zein bulegoetan. Zehazki, 21 jardunaldi egin ditu hiru puntuak batu gabe, baina Alavesen kontura amaitu du lehortea. Ondo merezita, gainera. Mauricio Pellegrinok aurrez bestelakorik esan arren, konfiantza gehiegirekin zelairatu dira gasteiztarrak, hamaikakoa ordezkoz josita aritu baitira. Bada, erraztasunei etekin aparta atera diete nafarrek, eta sendo jokatuta, 88. minutuan eskuratu dute saria. Besteak beste, gol ikusgarri batekin, hiru puntuak Nafarroara bidean jarri baititu Alex Berenguer gazteak. Ez da edonola estreinatu onenen artean. 

Bizi abiatu dute bi taldeek lehen zatia. Alaves nagusi izan da jokoan lehen minutuetan, eta aise iritsida Osasunaren area ingurura. Zelai erditik aurrera, ordea, sakontasuna eta freskotasuna falta izan zaizkio. Ordezko jokalarien ekarpen eskasak ez dio mesederik egin. Hala, minutuek aurrera egin ahala, behetik gora egin dute nafarrek. Konfiantza berreskuratzea lortu dute, eta aurrez aurre aritu dira gasteiztarrek aurrean, inolako erreparorik gabe. Sergio Leonek izan ditu bizpahiru aukera on gola egiteko. Esaterako, 22. minutuan burukada eder bat egin du korner batean, baina Pachecoren inspirazioarekin topo egin du. 

Bigarren zatiak lehenaren ildo beretik jo du hasieran, eta De las Cuevasek barkatu egin du 52. minutuan, Pachecorekin buruz buruko jokaldian ez baitu asmatu. Nekea agertzen hasi ahala, nagusitzeari ekin dio etxeko taldeak, eta minutu luzez agintzen aritu da. Sakontasunik lortu gabe, baina. Pellegrinok zelairatu ditu Ibai Gomez eta Theo Hernandez, baina alferrik. Osasunak ondo lotu du aurkariaren jokoa. Gauzak hala, ematen zuen husna amaituko zela lehia, baina Berenguerren jaurtiketa zoragarri batek erabaki du borroka. 

Epaileak amaierako txistua jotzearekin batera, poza ezin ezkutatuta ospakizunetan murgildu dira Osasunako jokalariak. Lehenik eta behin, Mendizorrotzara joandako 300 zaleak hartu dituzte aintzat. Mailari eusteko bidean beranduegi heldu izango zaie garaipena nafarrei; hots, Sadarren estreinakoz irabaztea dute helburu. Alavesi, berriz, urrundu egin zaio Europako trena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.