KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Espainiak galdeketa "fisikoki" galaraziz gero, ANCk ontzat joko du aldebakarreko independentzia

Batzar orokorra egin du Sabadellen Kataluniako Biltzar Nazionalak. Bide orria onartu du, eta, legebiltzarraren erabakiak defendatzeko, "mobilizazio iraunkor bat" egiteko prest azaldu da.

Jordi Sanchez, Carles Puigdemont eta Carme Forcadell, ANCren batzarrean. MARTA PEREZ / EFE
2017ko apirilaren 29a
08:27
Entzun

Besteak beste, ANCk batzarrean onartu du aldebakarreko independentzia aldarrikapena onestea Espainiak "fisikoki" galarazten badu. Ez da zuzenketarik aurkeztu, eta zuzendaritzak proposatutako bide orria ia aho batez onartu dute. Onartutakoen artean dago ANCren oinarriek "mobilizazio iraunkor" bat egitea "erreferenduma bermatzeko".

Aurtengo Diadarako ANCk antolatuko duen mobilizazioa "moldagarria" izango da, prozesu subiranistaren egoeraren arabera. Ekimenak antolatzen dituen ANCko batzordeak azaldu du irailaren 11rako "kolore eztanda bat" prestatzen ari dela Bartzelonan, Gracia eta Arago kaleen arteko bidegurutzean.

ANCko presidente Jordi Sanchezek estatu independenteari buruzko erreferenduma babestu du, eta dei egin du galdeketa horretan baiezkoaren kanpaina abiatzera: "Ez izan zalantzarik erreferenduma izango dugula". Bide orriak irailerako aurreikusten du kontsulta, behin trantsizio juridikorako legea onartuta.

Galdera "argia" egitea nahi du ANCk, eta ez ezartzea ez gutxieneko parte hartzerik, ez gehiengo indarturik; alegia, baiezkoak edo ezezkoak geihiengo soilez irabaztea. Bestalde, ANCk konpromisoa hartu du "parlamentua defendatzeko", eta prest azaldu da ekintza kolektibo baketsuak gauzatzeko: "Prozesuaren une erabakigarrira heldu gara, egitura indartsu batekin, ideia argiekin eta bidea bikain marraztuta".

3.000 lagun inguruk hartu dute parte batzarrean, eta 10:00etan hasi da. Bertan izan dira Carles Puigdemont Kataluniako gobernuburua eta Carme Forcadell Kataluniako Legebiltzarreko lehendakaria. Aurreneko aldia da gobernua ANCren batzar orokorrera joan dela, eta txalo eta independentzia oihu artean agurtu dituzte biak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.