KUPOA

Espainiak 1.400 milioi euro itzuliko dizkio Jaurlaritzari kupoaren negoziazioari esker

Kupoaren inguruan akordioa lortu dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. 2007-2016 epeko likidazioa eta hurrengo urteetako ordainketak adostu dituzte; 2017an, 956 milioi euro ordaindu beharko dizkio Jaurlaritzak Espainiari. Espainiako Diputatuen Kongresuan, gaur hasiko dute aurrekontuei buruzko eztabaida.

Azpiazu eta Montoro, gaur, akordioa sinatzen. IREKIA
2017ko maiatzaren 3a
07:13
Entzun

Akordioaren inguruko xehetasunak emateko, Juan Miguel Bilbao Ogasun sailburuordearekin eta ZuriƱe Embid Zubiria Finantza Politikako zuzendariarekin batera irten da prentsaurrera Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburua. Haren esanetan, akordio "bikaina" lortu dute eremu "oso konplexuan"; izan ere, nabarmendu duenez, "finantza ziurgabetasuna amaitu" dute, eta "normaldu" egin dituztelako bi gonbernuen arteko finantza harremanak.

2007-2016 epeko desadostasunen inguruan ados jarri dira, eta, epe horregatik, 1.400 milioi euro pagatu beharko dizkio Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari. 2017rako, berriz, behin-behineko kupoa 1.300 milioitan ezarri dute, eta, enplegu politika aktiboen zenbatekoa kenduta, 956 milioi euro ordaindu beharko dizkio Jaurlaritzak Espainiari.

2017rako ezarritako kupoa 2017-2021 epeko legearen oinarri izango da. Hura negoziatzeko Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan onartuko dute aurrena, maiatzaren bigarren hamabostaldian, eta Espainiako Gorteetan ondoren.

Gaur jakinarazi dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak Madrili ordaindu beharreko kupoaren inguruko akordioa lortu dutela Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez dituzten eskumenen truke Espainiari ordaintzen dioten dirua da kupoa. Pagatu beharrekoa bost urteko legeetan zehazten dute. Adostutako azken legea 2007an iraungi zen, eta hamar urtez ados jarri ezinik egon dira Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua.


Klikatu handiago ikusteko

"Aldebikotasun fiskala" bermatuko du, EAJren ustez

Hitzarmenaren berria zabaldu eta berehala, EAJk esan du "bake fiskala eragingo duen akordio historikoa" dela bi gobernuen artekoa, eta "aldebikotasun fiskala" bermatzen duela. EH Bildu, ordea, kritiko azaldu da: "Gaur, kupoaren gaineko akordioa. Bihar, Espainiako estatuko aurrekontuen gainekoa. EAJ PPren gobernu ustelaren laguntzaile nagusi bihurtu da".

Goizean, Radio Euskadin elkarrizketatu dute Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, eta bertan esan du gaurko espero zuela bi gobernuak ados jartzea. Asteartean esan zuenez, "hamabost urteko bake fiskala" emango du akordioak.

Erkorekaren esanetan, itunak "inbertsio gehiago eta enplegu gehiago" sortuko ditu, eta "hobetu" egingo du euskal erakundeen finantzen jokalekua: "Argiagoa eta egonkorragoa egingo dugu". PPren gobernuarekin akordioa egiteaz, Erkorekak esan du mintzaidea ez diola Jaurlaritzak aukeratzen: "Guk egoera baliatu dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.