Frantzia

Macron izanen da Frantziako Estatuko presidente berria

Ekonomia ministro ohiak bozen %66,1 jaso ditu. Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiak, %33,9. Abstentzioa nehoiz baino altuagoa izan da, %25,44ra iritsiz, eta boz zuri eta balioganeena ere, %11,5ra iritsiz [YouTube]https://youtu.be/8YmlJX1f7kw[/YouTube]

Macron, botoa eman ondoren. YOAN VALAT, EFE
Nora Arbelbide Lete.
2017ko maiatzaren 7a
11:16
Entzun

Emmanuel Macronek hartuko du François Hollanderen lekukoa Frantziako presidentetzan. Atzo iragan zen Frantziako bozen bigarren itzulia. Martxan plataformak botoen %66,1 jaso zituen emaitza ofizialen arabera. Fronte Nazionaleko hautagaiak berriz,  botoen %33,9 izango lituzke. 

Boz kopuruetan horrek erran nahi du,  20 milioi pertsonek dutela bozkatu Emmanuel Macronen alde. 10  milioitik gora izan dira Marine Le Penentzat. Bere aitak 2002an lortu kopurua doblatu du. 4 milioi boz dira zuriak edo baliogabea. Eta 12 milioi pertsona dira .

Nor izanen den lehen ministro

Galdera ikur bat da lehen ministroaren nortasuna. Orain arte ez du izenik iragarri Macronek. Eta bizkitartean, bere gobernuaren norabidea zein izanen den zehazteko balio izanen du. Dena dela, iragarria du politika neoliberala duela eramanen. Presidente hautatu berri gisa egin duen lehen hitzartzean tonu seriosa erabili du, umila nahi izan duena: "Frantzia, bere ezinbesteko interesak, bere irudia" defendatuko dituela erran du eta baita  Europa: "Gure zibilizazioa da jokoan. Libre izateko gure manera. Lan eginen dut Europa eta herritarren arteko loturak berriz josteko. Munduko nazio guztiei anaitasunezko Frantziaren agurra helarazten diet". 

Le Penek alderdi berria

Marine Le Penek  mugimendua eraldatzeko proposamena eginen duela iragarri du, "indar politiko berri bat antolatzeko"; oposizioko indar bakar bezala aurkeztu nahi izan du bere lekua, gaineratekoek Macronen alde bozkatzera deitu dutela argudiatuta.

Jean-Luc Melenchonek Legebiltzarra jomugan 

Ez du bakarrik Marine Le Penek bere burua oposizioko indar nagusi gisa aurkeztu. Jean-Luc Melenchonek egin hitzartzean ere hala egin du. Le Pen hirugarrena dela iritsi argudiatu du. Bigarren indarra abstentzioa eta boz zuri eta baliogabeak dutela irudikatu. Legebiltzarreko bozak ere ukan ditu jomugan, eta La France Insoumisekoei bateratuak segitzea eskatu die, Macronen alde bozkatu izan ala ez . Zabaldu nahi luke bere mugimendua. Bigarren itzulira pasatzeko 600.000 boz eskatu zaizkiola nabarmendu du. 7 milioiek bozkatu dutela bere alde gogoratuz. 

Errepublikanoak alderdia  Legebiltzarrari begira jarria da, François Baroin buru.

Eta PS alderdian mezua ez dute denek bera izan. Gobernuko bozeramailea den  Stephane Le Follek espero du "Macron hautatu izanak irekitzen dituen perspektibetan parte hartzea" alderdi sozialistak, "bere nortasuna eta historiarekin". Benoit Hamon sozialisten hautagaia izan denak (lehen itzulian %6,3a lortu du) ez du diskurtso bera izan. Ezkerrak batzera deitu du: "Guri, konbikzioz ezkerrak garenoi, gure kulturak izan daitezen, sozialistak, ekologistak, herritarrak, komunistak edo intsumitoak, ezkerrak zinez irabaztea nahi badugu, guri dagokigu alderdien antagonismoei, aiherkunde zaharrei, sektarismoei eta suntsitze estrategiei gaina hartzea".

Ekainaren 11an legebiltzarrerako bozak

Frantziako legebiltzarreko hauteskundeen lehen itzulia ekainaren 11an da iraganen. Eta Macronen erronka gehiengo nagusia segurtatzea izanen da, hau da, 289 diputatuen babesa. Martxan! bere mugimendua berria denez, ikustekoa da zer emanen duen hauteskunde horietan.

Litekeena da, baina, PSko zenbait hautagai "gehiengo presidentetzialarekin" aurkeztea bozetara. Hori esan du Malek Boutih PSko diputatuak. Bigarren itzulia ekainaren 18an da iraganen. Bozka zerrendetan daudenen %12,5a lortu duten hautagaiak dira bigarren itzulira pasatzen ahalko.

Boz horietan abstentzioa beti izaten da presidentetza bozetarako gorago. 2007an %40koa izan zen.

Abstentzio handia

Azpimarratzekoa da boz zuri eta baliogabeen kopurua. Baliteke %11,5koa izan da, hau da 2002 eta 2012an baino bi aldiz gehiago. Lehen aldia da hein horretara iristea. Zehaztekoa da boz zuriaren kontaketa 2014tik dela kontutan hartzen. Hori bai, kontatzen badute ere, kontaketa sinbolikoa da, ez baitauka eraginik emaitzetan. Presidentea hautatzen baita baliogabe eta zuriak ez direnen bozak kontutan harturik. Lehen itzulian, boz zuriak eta baliogabeak %2,6ra ziren iritsi, hau da kasik milioi batetara.

Nabarmentzekoa da abstentzioaren heina. %25,44ra baita iritsi. Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan usaian abstentzioa ez da hain gora izaten. Lehen itzulian abstentzioa %22,2koa izan zen. Lehen itzuli hartan Emmanuel Macronek 8.6 milioi boz jaso zituen, bozkatu zutenen %24,01. Marine Lepenek 7,7 milioi boz zituen jaso, bozkatu zutenen %21,3a eginez. Horrek erran nahi du lehen eta bigarren itzulian 4 milioitik gora boz irabazi dituela Le Penek. Eta Macronek 11 milioitik gora.

Orain arte, bi alditan gertatu da abstentzio handia. Lehen aldiz, 2002ko lehen itzulian, %28,4koa izan zen. Urte hartan Jacques Chirac eta Jean-Marie Le Pen iritsi ziren bigarren itzulira. Eta bigarren aldiz, 1969an izan zen. Orduan bigarren itzulian zen izan.  Urte hartan %31,1koa izan zen abstentzioa. Ezkerreko hautagaiarik ez zen izan bigarren itzulian. Georges Pompidou eskuindarra eta Alain Poher zentro eskuindarraren arteko lehia izan zen. Alderdi komunistak abstentziorako dei egin zuen. Georges Pompidou izan zen presidente.

Aldi honetan, bigarren itzulira iritsi ez direnen gehienek Macronen alde bozkatzera zuten deitu. La France Insoumise-ko Jean Luc Melenchonek, berriz, ez Fronte Nazionalaren alde egitera deitu zuen, baina Macron izendatu gabe. La France Insoumise-koen artean egin kontsultak (240 000 pertsonek parte hartu zuten ) eman emaitzen arabera, bi herenek adierazi zuten ez zutela Emmanuel Macronen alde egin nahi.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.