zinema

Juanba Berasategik zuzendutako azken filma ekainaren 2an estreinatuko dute

Toti Martinez de Lezearen eleberrian oinarrituta dago 'Nur eta Herensugearen tenplua' lana, eta zinema aretoetan aurkeztuko dute

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko maiatzaren 15a
07:33
Entzun

Bederatzi urte dira Toti Martinez de Lezea idazlea Nur ipuin bilduma arrakastatsua idazten hasi zenetik, eta, iragarri duenez, hamahirugarrena kaleratuko du datozen asteetan. Bildumaren hirugarren zenbakia pantailara eramateko erronka hartu zuen Juanba Berasategik duela bi urte, eta hark zuzendutako azken filma da, hain zuzen, Nur eta Herensugearentenplua, joan den apirilaren 28an hil baitzen zinemagilea, 66 urte zituela, minbizi baten ondorioz.

[youtube]https://youtu.be/XTMpuQrqh1k[/youtube]

Lotura Filmsen sortzailea izan zen Berasategi, eta 1992tik hainbat lan egin ditu ekoizpen etxe horrek animazioaren arloan. Tormeseko itsumutila, Barriola San Adriango azeria lanak eta Goya sarietan izendapena jaso zuten Ahmed Alhambrako printzea eta Alambrako giltza film luzeak. “Juanba joan den arren, Loturako lan taldeak orain arteko ibilbidearekin eta euskarazko ikus entzunezkoen munduan egindako lanarekin jarraitzeko asmo irmoa daukagu”, azaldu du Miren Berasategi Lortura Filmseko eta Nur pelikulako lan taldeko kideak. Nur ipuin bildumak izan duen harrera ikusita, apustu egin dute filmaren alde, eta sustapen kanpaina zabala egingo dute datozen asteetan, pelikulak ahalik eta arrakasta gehien izan dezan. Herri Urratsen izan ziren atzo eta Ibilaldian eta Eskola Publikoen jaian ere izango dira filmari buruzko informazioa ematen.

Pelikula dibertigarria osatu dute, Eneko Olasagasti ekoizpen etxeko kidearen arabera. “Nur-en Liburuek duten abenturazaletasuna mantentzen du eta horregatik uste dugu gazteei asko gustatuko zaiela”. Irudimena eta jolasa uztartzen ditu filmak, eta gazteen arteko harremanak ditu hizpide.

Liburutik pantailara

Animazio filma egiteko idazlearen laguntza izan dutela azpirratu du Olasagastik. “Guretzat Totiren ekarpenak jasotzea garrantzitsua izan da”. Ezin pozago azaldu da Martinez de Lezea ere: “Edozein idazleren ametsa da bere liburua pantailan ikustea”. Oraindik ere ez du filma osorik ikusi idazleak, maiatzaren 27an Donostiako Principe zineman egingo dute aurrestreinaldira itxarongo baitu berak ere. Dioenez, erronka izan da berarentzat ere. “Berezia da Nur ipuin bildumaren hirugarren alea, fantasiaz beterikoa, baina, era berean, erreala. Txinara doa Nur, eta bertako sinesmenetan agertzen diren dragoiak eta Euskal Herriko mitologiakoak nahasten ditut. Horregatik aukeratu zuen bildumaren ale hori Juanbak”.

Liburua eta pelikularen arteko ezberdintasunak nabarmendu ditu idazleak. “Antzekoak dira istorioak, baina ez berdinak. Horregatik, ikusleari ezaguna egingo zaion arren eta pertsonaiak ezagutuko dituen arren, gauza berriak ikusiko ditu”.

Ekainaren 2an zinemetan

Pelikula arrakastatsua izatea nahi dute, eta ekainaren 2tik aurrera Euskal Herriko familia guztiak zinemetara joateko deia egin dute Lotura Filmseko kideek. Espainiako eta Kataluniako zinemetan ere estreinatuko dute filma, egun berean. Eta Ekialde Hurbilean ere zabalduko dutela azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.