Kataluniako prozesu subiranista

Urriaren 1ean izango da Kataluniako erreferenduma

Galdera hau egingo dute: "Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa?". Iragarpena Puigdemontek egin duen arren, aldamenean izan ditu Generalitetako ordezkariak: besteak beste, Carme Forcadell eta Oriol Junqueras.

Carles Puigdemont, galdeketa iragarri duen unean, Generalitateko kontseilari eta hainbat diputatuk lagunduta. TONI ALBIR, EFE
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko ekainaren 9a
08:05
Entzun

Kataluniako etorkizuna argituko duen egunaren berri eman du Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak, deklarazio instituzional bat eginez, Junts Pel Si eta CUPeko diputatuak ondoan dituela. Galdera katalanez, gazteleraz eta araneraz egingo dute.

Mezu hau eman du Kataluniako presidenteak: "Gure herritarrek baiezko edo ezezko forman emango duten erantzuna aplikatu beharreko agindu bat izango da gobernu honentzat. Katalanei dagokie beren etorkizuna erabakitzea; haien eta gu guztion esku dago posible egitea, erakustea demokraziak batzen gaituela, iritzi ezberdinen gainetik, zeinak gizarte heldu baten seinale diren, legitimoak eta osasuntsuak; erakustea bere kabuz erabakiak hartzen dakiela, eta errespetatzen dakiela formulatutako galderaren erantzuna. Erantzun guztiak berdin-berdin baliotsu eta legitimo".

Gobernuak berme guztiak emango ditu antolaketa prozesua eta erreferenduma bera behar bezala egin daitezen. "Dei egiten diet herritarrei kolektiboki barnera dezaten beren herrialdearen etorkizuna erabakitzeko eskubidea". Bideoa: Puigdemonten agerraldia, galdeketaren eguna eta galdera iragartzeko (jarraitu irakurtzen bideoaren ondoren).

 

Espainiako Gobernuarekin erreferenduma hitzartzeko ahalegina behin eta berriz egin dutela nabarmendu du presidenteak, baina ezezkoa eman duela beti Espainiako presidente Mariano Rajoyk. "Negoziatzera dei egin diogu Espainiako Gobernuari, irtenbidea topatzeko asmoz. Katalanok zer nahi dugun galdegin digutenean proposamenak egin dizkiegu, baina beti baztertu edo moztu  dituzte. Auzi politikoa konpontzeko proposamen sorta bat daukagu. Behin eta berriz saiatu gara akordioa lortzen; mundu osoan azaldu dugu”.

Honaino iristeko arrazoia ez da izan esparru legalen kontua, Puigdemonten ustez. "Jende guztiak daki arazoa zein den. 'Ez dut nahi' , esan zuen Espainiako presidenteak. Ez da ukazio indibidual bat, sistema politiko, mediatiko, sozial eta ekonomiko osoarena baizik, gai izan ez dena benetako arazo sakon bati irtenbidea emateko".

Katalanak erreferendumera eraman dituzten arrazoiak eta prozesu osoa laburbildu ditu Puigdemontek. Zazpi urte beteko dira ekainaren amaieran Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako estatutuaren aurkako sententzia eman zuela, eta harrezkero herritarrek eskatutakoari erantzunez legebiltzarrak bide propioa egiteko urratsak egin ditu, nahiz eta "lerratua dagoen auzitegi batek" politikarien eta legebiltzarkideen aurkako auziak bideratu dituen, eta prozesua oztopatzen saiatu den.

Beraz, erreferenduma egingo dute, nahiz eta Espainiako Gobernuarekin hitzartutakoa ez den izango. Joan den irailean esan zuten "erreferenduma bai ala bai" egingo zutela, herritarrek hala eskatu dutelako, eta hitza beteko dutela berretsi du Kataluniako presidenteak, herritarrei zor dielako bere jarduna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.