Ustelkeria

UAGNren auzia artxibatu egin du Nafarroako Auzitegiak

Instrukzio epaileak uste du ezin dela frogatu ikertu dituztenek "Nafarroako Gobernuari iruzur egiteko asmoz makineria" prestatu zutenik.

2017ko ekainaren 16a
11:04
Entzun

Iruñeko lehen instrukzio epaitegiak eta Guardia Zibilak 2011. eta 2013. urteen arteko UAGNko prestakuntza ikastaroak ikertu dituzte, eta Gara egunkariak zabaldu zuenez, atzeman zuten sinadurak faltsutu zirela laguntza publikoak jaso ahal izateko. Ikerketarekin aurrera ez jarraitzea erabaki du, ordea, orain ikerketa egin duen epaile horrek berak. Izan ere, uste du ezin dela esan iruzurra egiteko makineria propioa sortu zutenik.

Ikertutako lagunak diru publikoarekin "bidegabeki aberastu" direla ere ez da frogatu epailearen arabera, "irabazi pertsonalak" izan zituztenik ez dela frogatu dio. Ikertutakoak ikusita, diru publikoak bidegabeki lortzeko iruzurra" egin zutenik ezin dela esan ondorioztatu du. Diru laguntzetara aurkeztutako proiektuak errealak zirela dio, eta egin zirela, nahiz eta onartu duen "irregulartasun" batzuk egin zirela diru laguntzak zuritzeko txostenetan. Baina, Auzitegiaren arabera, hori ez da nahikoa auzibidearekin aurrera segitzeko.

Gara-k zabaldutako informazioaren arabera, Jose Javier Esparza UPNko presidenteak, Nekazaritza Garapenerako kontseilari izan zen garaian, diru laguntzak eman zizkion UAGNri ikastaro batzuk antolatzeko. Sindikatu hartako hiru emakumek idatziz jakinarazi zioten ez zela halako ikastarorik egin. Esparzak, gertatutakoa argitzeko prozedura abiatu beharrean, sindikatuari jakinarazi zion hiru emakumeek jarritako salaketa. Haiek hirurak sindikatutik bidali zituen UAGNk. Auzitegietara jo zuten gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.