Ekialdeko timor

Fretilin nagusitu da Ekialdeko Timorren, eta elkarlanera deitu du

Botoen %90 zenbatuta, Fretilin Ekialdeko Timor Independentearen Aldeko Fronte Iraultzaileak lortu ditu %30. Abuztuaren hasierara arte emaitza ofizialik emango ez duten arren, ezusteko handirik ezean, alderdi horrek irabaziko ditu Ekialdeko Timorreko legebiltzarreko bozak.

Botoak zenbatzen. ANTONIO DASIPARU, EFE
2017ko uztailaren 24a
13:31
Entzun

Mari Alkatiri Fretilin Ekialdeko Timor Independentearen Aldeko Fronte Iraultzaileko idazkari nagusia pozarren agertu da emaitzarekin, eta aurrerantzean ere elkarlanean aritzeko deia egin du. Herritarrek egonkortasunaren alde egin dutela uste du, eta hori bermatzeko, CNRT Ekialdeko Timor Berreraikitzeko Kongresu Nazionarekin 2005ean egindako akordioa sakontzen saiatuko direla esan du. %28aren babesa lortu du aldedi horrek behin-behineko emaitzaren arabera, eta beraz, erraz batzen dute gehiengoa bi alderdiek.

Duela 11 urte ia-ia gerra zibila piztu zen garaian izan ezik, Ekialteko Timorrek, instituzionalki behintzat, ez du gorabehera handirik eduki 2002an independente bihurtu zenetik; are, elkarrekin gobernatzen dute ez oso aspaldi aurkari ziren bi alderdi nagusiek: Fretilinek eta CNRTk. Lehenaren burua Francisco Guterres presidente eta gerrilarri ohia da, eta bigarrenarena, Xanana Gusmao: okupazio garaiko beste gerrillari bat.

Legebiltzarra osatzeko bozak ez ezik, lehen ministroa aukeratzekoak ere egin dituzte Ekialdeko Timorren. Hautagaiak erresistentziako kideak izan ziren, gerrillariak, Indonesiak herrialdea okupatuta eduki zuen garaian, 1975 eta 1999 artean —aurrez, 1600dik 1975era, Portugalen kolonia izan zen—.

Arazo ugari dauzka herrialdeak: langabezia, txirotasuna, ustelkeria... Beraz, aldaketak exijitzen dituzte herritarrek. Aldaketak, txirotasunari eta langabeziari aurre egiteko. Ustelkeriak, gainera, aspalditik zipriztintzen du Ekialdeko Timorko gizartea. CAC Ustelkeriaren Aurkako Batzordearen arabera, herritarren %58k uste dute boterean daudenak direla ustelkeriaren errudun. Baina Fretilin gobernuan dago, eta joan den martxoan haren buruak, Guterresek, irabazi zuen erraz antzean.

Beste arazo bat dauka, gainera, Portugalen kolonia ohiak. Izan ere, sekulako mendekotasuna dauka petrolioarekiko eta gasarekiko, eta estatuak horien ustiapenari esker osatzen ditu bere aurrekontuak. 2014ko datuek diote energiaren sektoreak estatuaren BPG barne produktu gordinaren %60 ordezkatzen duela. Timorko itsasoko erreserbek 36.000 eta 47.700 milioi euro arteko balioa dute, baina 2032rako agortuko direla aurreikusten dute adituek. Beraz, CNRTko Gusmaok adierazi du turismoa eta nekazaritza garatzea dagokiela orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.