Kataluniako prozesu subiranista

Errepublika berri batentzako oinarria

Kataluniako Trantsiziorako Legea, 11 puntutan. (Bideoa: Ane Zurutuza eta Andoni Mikelarena / BerriaTB).

Pello Zupiria -

2017ko abuztuak 30

Junts Pel Sik eta CUP taldeek Trantsizio Juridikorako eta Errepublika Sortzeko Legea aurkeztu zuten atzo Kataluniako Parlamentuan. Legea urriaren 1eko autodeterminazio erreferenduma egin baino lehenago onartu nahi dute, eta soilik baiezkoak irabazten badu ezarriko da. Agertoki horretan, lege hori izango da araudi nagusia, Kataluniako Konstituzioa onartu arte. Legearen sustatzaileek konstituzio berria urte baten buruan onartzea espero dute. Hortaz, baiezkoak irabaziko balu Kataluniako Estatutuaren eta Espainiako Konstituzioaren gainetik egongo litzateke legea.

Sarrera batek, zazpi azpiataletan banandutako 89 artikuluk eta hiru xedapen gehigarrik osatzen dute araua.
 

ATAL GARRANTZITSUENAK

Estatuaren forma

Arauaren lehenengo atalean definitu dute Kataluniako estatua «zuzenbidezko errepublika demokratiko eta soziala» izango dela. Atal honetan ere zehazten dira herrialdearen lurreko, aireko eta itsasoko mugak. Gobernuaren esku egongo dira aduanen eta mugen kontrolak.

Gaur egungo erregimen juridikoaren «jarraipena» bermatuko du araudi berriak, batez ere, EB Europako Batasuneko araudia eta nazioarteko hitzarmenak. Katalunia iparraldeko Arango haranaren estatus berezia ere mantenduko da. Kataluniako Gobernuak hainbat eskumen eman zizkion Arango Kontseilu Nagusiari.

Herritartasuna

Legeak Kataluniako herritartasuna lortzeko bi bide ezarriko ditu: berezkoa eta lortu beharrekoa. Lehenengo kasuan, gaur egun Espainiako herritartasuna duen, eta 2016ko abenduaren 31tik Kataluniako edozein eskualdetan erroldatuta dagoen orok, automatikoki izango du Kataluniako herritartasuna. Behin independentzia aldarrikatuta, Katalunian jaioko den orok izango du.Bigarren kasuan, Kataluniako herritartasuna izan dezake eskaera egin aurretik Katalunian bost urteko epean bizi izan den orok. Espainiako herritartasuna mantentzeko aukera izango da, beti ere madrilekin egin beharreko negoziazioen emaitzen arabera. Europako Batasuneko atzerritarren eta hala ez direnen arteko bereizketa baliogabetuko da.

Estatuburua

Kataluniako estatuburua Generalitateko presidentea izango da, eta gobernuaren egitekoa zuzenduko du. Espainiako erregeak eta presidenteak ez dute botere ahalmenik izango estatu berrian. Prozesu konstituziogilearen eskutan geratuko da presidentea gobernuko eta herrialdeko burua izan beharko den ala bi kargu ezberdin izan behar diren erabakitzea.

Eskubideak eta betebeharrak

Hizkuntza eskubideei dagokienez, katalana, gaztelania eta okiztaniera izango dira hizkuntza ofizialak, gaur egun bezala. Eskubide oinarrizkoenei begira, legeak ez ditu aldatuko egun Espainiako Konstituzioan bermatzen diren eskubideak, ezta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak bermatzen dituenak ere. Edozein modutara ere, legeak eskubideak hedatuko ditu, eta gaur egun auzitegi batean erreklamaezinak diren legeak, erreklamagarriak izango dira Trantsizio Legea onartzen bada; esaterako, etxebizitza eskubidea. Laguntza publikoen kasuan, legeak bermatuko du laguntza horiek jasotzen ari diren pertsonek, jasotzen jarraituko dutela independentzia aldarrikatu eta gero. Laguntza horiek pentsioak eta langabezi laguntzak dira.

Ordenamenduen jarraipena

Legeak ordenamenduen eta kontratuen subrogazioa bermatuko du. Hau da, gaur egun Espainiako administrazioek Katalunian betetzen dituzten egitekoak erakunde katalanek beteko dituzte. Gauza bera kontratuekin. Espainiako Gobernuak hornitzaileekin Kataluniarentzat dituen kontratuak Generalitatearen eskuetara pasako dira.

Funtzionarioak

Gaur egungo Kataluniako Gobernuko funtzionarioek administrazio publikoan lanean jarraituko dute, legearen arabera. Espainiako funtzionarioei dagokienez, Kataluniako administrazioan lan egiteko aukera emango zaie. Kataluniatik kanpo lan egiten duten Generalitateko funtzionarioei, hala izaten jarraitzeko aukera emango zaie.

Auzitegiak

Espainiako Auzitegi Gorenak betetzen dituen funtzioak Kataluniako Auzitegi Nagusiak beteko ditu, Kataluniako Auzitegi Gorena sortuz. Auzitegi hori Kataluniako sistema juridiko berriaren mailarik altuena izango da, eta gaur egungo areto berak izango ditu: zibilarena, sozialarena, administratiboarena eta zigorrarena. Areto militarra desagertuko da, eta horren ordez berme konstituzionalen aretoa sortuko da. Auzitegi Konstituzionalaren egitekoak hartuko ditu areto horrek. Sistema juridiko berria Gorenaren areto baten eskuetan geratuko da, eta gaur egun Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren funtzioak beteko ditu.

Fiskaltza

Legearen sustatzaileek Fiskaltzan aldaketa nabarmenak egotea nahi dute arau berriarekin. Gaur egun ministro kontseiluaren bidez hautatzen da Espainiako fiskal nagusia. Legearekin, gobernuaren hautagaia Kataluniako Parlamentuak erabakitzea nahi dute, nahiz eta ez duten zehaztu zenbateko babesa behar izango duen.

Amnistia

Espainiako Gobernuak Haien kontrako neurriak hartzea espero dute autodeterminazio erreferendumaren sustatzaileek, eta legeak babes juridikoa emango lieke, baiezkoak irabaziko balu. «Kataluniaren independentziaren alde egiteagatik zigortutako ororen aurkako zigor neurriak baliogabetuko dituzte epaile eta auzitegiek». Hala ere, ez die babesik emango ustelkeria kasuengatik zigortutako pertsonei.

Hauteskunde sindikotza

Erreferendum Legeak argitu zuen Espainiako Hauteskunde Batzordeak eskumenak galduko zituela Katalunian, galdeketaren gainbegiratzeari dagokionez. Hortaz, Trantsizio Legeak Kataluniako Hauteskunde Sindikotzari emango dizkio eskumen horiek. Zazpi kidek osatuko dute, eta gehienak juristak izango dira. Urriaren 1erako Kataluniako lau probintzietan sindikotzak egongo dira, eta geroago eskualde guztietan. Arango haranak funtzio bereziak izango ditu.

Prozesu konstituziogilea

Baiezkoak irabaziko lukeen kasuan, independentzia aldarrikatuko dute, emaitzak jakin eta bi egunetara. Hori gertatzekotan, Trantsizio Juridikorako eta Errepublika Sortzeko Legea indarrean jarriko da, eta prozesu konstituziogileari hasiera eman. Legeak sei hilabeteko epea emango die herritarrei, nolakoestatua nahi duten erabakitzeko. Epea amaitzean, botere publikoentzako erabakigarriak izango diren ondorioak plazaratuko dira. Gero, hauteskunde konstituziogileak egingo dira, eta biltzar konstituziogileko kideak hautatuko dira. Biltzar horrek konstituzio berria egiteko ardura izango du. Konstituzioak parlamentuko bostetik hiruren babesa eduki behar du, eta bestela, gehiengo nagusiaren bidez onartuko da. Emaitzak jakitetik, konstituzioa onartu arte, urte bateko epea espero dute sustatzaileek.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Santos Indurain kontseilaria prentaurreko batean, artxiboko irudian. ©Jesus Diges/EFE

324 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Kasuen beherakada orokorra izan da herrialde guztietan: Araban 44 kasu detektatu dituzte (-31); Bizkaian, 180 (-31); Gipuzkoan, 35 (-29); eta Nafarroan, 59 (-87). Nafarroako Gobernuak ez du neurri orokorrik ezarriko oraingoz. «Atzokoa ez zen alarma guztiak pizteko modukoa, eta gaurkoa ez da kriskitinak jotzekoa», adierazi du Santos Indurain Osasun kontseilariak.

Zahar etxe bateko egoiliarrak paseoan, artxiboko irudian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Donostiako zahar etxe bateko egoiliar batek positibo eman du

Berria

Zahar etxe bereko bi langile ere kutsaturik daude.

Gizon bat PCR proba egiten, Donostian. ©Gorka Rubio / FOKU

Hogei milioi koronabirus kasu baino gehiago detektatu dituzte mundu osoan

Oihane Puertas Ramirez

COVID-19a 188 herrialdetara iritsi da, eta 736.000 lagun baino gehiago hil ditu.

Nafarroako osasun langileak PCR probak egiteko prest, artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola/FOKU

Agerraldi bat detektatu dute Murillo el Fruto eta Zarrakaztelu inguruan

Berria

30 positibo atzeman dituzte; gehienak, laborarien artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna