Noiz sortua: 2017-10-13 07:31:44

EUSKAL PRESOAK

Ibon Iparragirreren osasuna "azken mugara" iritsi dela ohartarazi dute

Iparra Galdu Baik plataformak eta Iparragirreren senideek preso ondarrutarraren egoera ahulaz ohartarazi dute. Gorputzeko defentsa kopurua oso urria dela adierazi dute eta auzitegi medikuak ezin duela ziurtatu bi hilabetez bizi daitekeenik.

Ibon Iparragirreren egoera salatzeko manifestazioa, joan den ekainean, Bilbon. /
Ibon Iparragirreren egoera salatzeko manifestazioa, joan den ekainean, Bilbon. / Aritz Loiola/Argazki Press

Berria -

2017ko urriak 13

Iparragirre "hilzorian" dalgoela salatu dute. Presoaren askatasunaren aldeko herritar plataformak azaldu duenez, Iparragirrek defentsa kopuru oso urria du. "Edozein infekziok heriotzara eramango luke, kartzelako medikuei ezertarako astirik eman barik".

Egoeraren larria dela eta, plataformak elkarretaratze informatiboa deitu du iganderako Ondarroan, presoaren osasunaren berri eman eta hurrengo egunetarako mobilizazioak zehazteko. Elkarretaratzea 13:00etan izango da, Alamedan.

Iparragirreren egoeraz jabetzeko, plataformatik azaldu dute pertsona osasuntsu baten defentsa kopurua 723-1.124 balio artekoa dela. 500 baliotik beherako pertsonek kaltetuta izaten dute inmunitate sistema. Iparragirreri egin dizkioten azken analisiek 20ko emaitza eman dute. Plataformak behin baino gehiagotan salatu du iparragirrek ezin duela behar duen tratamentua jaso espetxe barruan. 2014ko martxoan espetxeratu zutenean, presoak 450eko balioa zuen defentsa kopuruan. Ordutik, ahutzen joan da bere sistema inmunologikoa.

Iparragirre pneumonia batengatik ingresatuta egon zen ospitalean, joan den maiatzaren 31tik ekainaren 8ra bitartean. Auzitegiko medikuak ohartarazi zion berriz ere pneumoniak joko balu, hil egingo litzatekeela. Horrez gain, medikuak adierazi du Iparragirreri ezin zaiola bizi itxaropen aurreikuspenik egin. "Bi urte barru hil daiteke, edo hiru egun barru", azaldu die senideei. Iparragirreren egoera horren larria izaki, presoa ospitalera eramateko eta aske uzteko galdegin du plataformak.

Iparra Galdu Baik-ek mobilizatzera deitu ditu euskal gizartea eta giza eskubideen defentsan diharduten erakundeak.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna