Albistea entzun

Espetxeratu dituzten zortzi kontseilariak

 
Oriol Junqueras, artxiboko argazkian. /
Oriol Junqueras, artxiboko argazkian. / Alejandro Garcia/EFE

Ainhoa Oiartzabal Azketa -

2017ko azaroak 2

Kataluniako Generalitateko zortzi kontseilari espetxeratzeko agindu du Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Horien artean da Oriol Junqueras ERCko burua eta Generalitateko presidenteordea. Hauek dira espetxeratu dituzten horien soslaiak.

Oriol Junqueras i Vies

Historia garaikidean lizentziatua eta pentsamendu ekonomikoan doktore da Oriol Junqueras i Vies (Bartzelona, 1969). Urteetan izan da historia irakasle Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan egun Generalitateko presidenteordea eta Ekonomia eta Ogasun kontseilaria dena. Historialari baten begiekin begiratzen dio egungo errealitate politikoari. BERRIAri urte hasieran emaniko elkarrizketa batean esan zuenez, «historia liburuek kapituluak eskainiko dizkiote bizitzen ari garen abaguneari».

ERCko buru da, eta umetatik izan da independentista. Zehazki, 8 urte zituenetik. Hala esan izan du berak, sarean dauden hainbat biografia laburren arabera. Baix Llobregateko Sant Vicenç dels Hortsen igaro zuen haurtzaroa, eta familiak Castellbellen zituen olibondoak eta arbendolondoak zaintzen zaildu ei zen lurra lantzen. Urteetara, bertako zinegotzi (2007) eta alkatea izan zen (2011-2015) ERC alderdiarekin —hastapenetan, independente gisa—. Eta tartean, Europako Legebiltzarreko kide ere bai.

2011n izendatu zuten Esquerra Republicanako presidente, eta berak itxi zuen aurreko urteetan alderdiak izan zuen krisi larria. Jose Montilla zen 2008an Generalitateko presidentea, ERCren sostenguz. Hirutariko gobernu bat (ICV/EUiA-PSC-ERC) eta PSCko alkate bat sostengatzen zuten bigarren aldia zuen ERCk, eta garesti ordaindu zuen akordioa; Espainiako Kongresuan, adibidez, zortzi eserleku zituen aurretik, eta hiru bakarrik lortu zituen urte horretan; Kataluniako Parlamentuan, berriz, 21etik 10 diputaturekin gelditu ziren 2010ean. Junquerasek irauli zituen emaitza horiek 2012an, 21 eserlekurekin Parlamentuko bigarren indar izatea lortu zutenean.

Orduko Kataluniako presidente Artur Masi (CIU) sostengua eman zion Junquerasen alderdiak, erabakitzeko eskubidea eta burujabetza ekonomikoa lortze aldera. Sinatu zuten akordioaren arabera, erreferendumera deitu behar zuten 2014an.

Erreferenduma ez, baina galdeketa izan zen azaroaren 9an Katalunian. Horren ostean Junquerasek Ara egunkarian argitara eman zuen 'Fem-ho bé i fem-ho ja (Egin dezagun ongi, egin dezagun orain) iritzi artikuluan nabarmendu zuen katalanismoa zein gogoetara iritsi zen: «XXI. mendean eman du aldaketa katalanismoak, onartu duenean Espainiako beste herriekin eduki beharreko harremana berdinetik berdinera izan behar duela. Eta hori posible izateko, Espainiaren eta Kataluniaren arteko harremanak ere berdinen artekoak izan behar dute, estatutik estatura». Gehiago ere esaten zuen artikulu hartan: «Europak soilik ekintza burutuen politikari egingo die kasu».

2015eko hauteskundeen ondoren, 2016aren hasieran izendatu zuten Carles Puigdemont (CDC) Generalitateko presidente eta hartu zuen abiada Kataluniako prozesuak. Puigdemontek bere alderdiko zazpi kontseilari izendatu zituen gobernu berria osatzeko, baina ERCk beste sei kontseilari proposatu zituen, tartean Oriol Junqueras bera. Garrantzi handiko postuak bete ditu: lehendakariordeaz gainera, Ekonomia kontseilaria ere bada. Hala, iragan irailaren 20an, urriaren leheneko erreferendumaren ingurumarian, Espainiaren jomuga izan zen hark zuzentzen duen saila: guardia zibilak Ekonomia Kontseilaritzan sartu, eta departamentuko idazkari nagusi Josep Maria Jove, Ogasuneko idazkari Lluis Salvado eta Ekonomia eta Ogasuneko Kontseilaritzako kide Joan Manuel Gomez atxilotu zituzten, besteak beste.

Katolikoa da, eta maiz joaten da mezetara. Bi seme-alaba ditu.

Raul Romeva (Madril, 1971)
Atzerri kontseilaria

Zientzia Ekonomikoetan lizentziatua eta Nazioarteko Harremanetan doktorea da. Europako Legebiltzarreko diputatu izan zen ICV alderdiarekin 2004-2009 urteetan. Kataluniako zein Bosnia eta Herzegovinako Unescoren zentroetan jardun du. Hango gerrari buruzko hainbat lan eman ditu argitara.

Jordi Turull (Parets del Valles, 1966)
Bozeramailea

Zuzenbidean lizentziatua da. Junts Pel Si taldearen presidentea Parlamentuan, kargu bera eduki zuen CIU alderdian. Gazte hasi zen alderdian militatzen, eta 2004tik da Kataluniako Parlamentuko diputatua. 2014an Espainiako Kongresuan defendatu zuen erreferendum bat egiteko eskaera.

Josep Rull (Terrassa, 1968)
Lurralde antolaketa

1989an hasi zen politikan. 1994-1998 artean, JNC alderdiaren gazte erakundearen idazkari nagusia izan zen. 1997tik da diputatu Kataluniako Parlamentuan, eta CDCn hainbat ardura postu izan ditu. Deria Editors argitaletxeko editore kontseiluko kide eta Omium Culturaleko partaide ere bada.

Meritxell Borras (Hospitalet de Llobregat, 1964)
Administrazio Publikoa

Farmazian lizentziatua. Kontseilaria izan zen aurreko Kataluniako Gobernuan. Parlamentuko diputatua da egun, eta, orotara, bost legegintzaldi egin ditu diputatu gisa. CDCko militantea, eta JNC gazte erakundearen sortzaileetako bat izan zen. Egun, CDCren kontseilu nazionaleko kide da.

Dolors Bassa (Torroella de Montgri, 1960)
Lana eta gizarte gaiak

Psikopedagogian lizentziatua, irakasle lanetan eta sindikalismoan aritu da. Gironako UGTko idazkari nagusi izan da 2008-2015 bitartean. Aurreko Kataluniako Gobernurako aholkulari lanak egin zituen. Beste zenbait aditurekin batera, Per què volem un estat propi liburua idatzi du.

Joaquim Forn (Bartzelona, 1964)
Barne kontseilaria

Zuzenbidean lizentziaduna da Forn. Bartzelonako CIUko zinegotzia izan da 1999tik 2017a bitarte. Segurtasunarekin lotutako hainbat proiektu gidatu ditu bertan, eta alderdiko bozeramaile lanak ere egin ditu udaletxean. Omnium Cultural, ANC eta Bartzelona futbol klubaren bazkide da, besteak beste.

Carles Mundo (Vic, 1976)
Justizia

Zuzenbidean lizentziatu zen Pompeu Fabran. Abokatu lanetan aritu da 1998tik. Aurreko gobernuekin Kultura eta Hezkuntza sailetarako egin du lana. Kataluniako Albiste Agentziaren (ACN) presidente izan da, besteak beste. ERCko zinegotzia izan da Gurb udalerrian 1999-2015 artean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ukrainako armadako soldaduak, atzo, Kramatorsken, goizaldean Errusiak jaurtitako misilek eragindako hondakinen artean. ©SERGEI XESTAK / EFE

Bruselak ohartarazi dio Ukrainari EBko kide izateko bidea luzea dela

Igor Susaeta

Europako Batzordearen arabera, ez da «esprint bat» talde komunitarioan sartzeko prozesua, «maratoi bat baizik». Kievek berretsi du 2024ko abendurako egon nahi duela batasunean sartzeko prest
Peruko Polizia herritar bat atxilotzen, Boluarteren aurkako manifestazio batean, atzo, Liman. ©Antonio Melgarejo / EFE

Peruko bozak urrira aurreratzeko lege proiektua aurkeztu du gobernuak

Mikel O. Iribar

Hain zuzen, Kongresuak hauteskundeak abendura aurreratzeari ezezkoa eman ondoren heldu da gobernuaren erabakia. Proposamen horren arabera, Boluarteren agintaldia abenduaren 31n amaituko litzateke.

 ©KETTY MARCELO LOPEZ

«Perun hil egiten gaituzte; diktadura zibiko-militar batean bizi gara»

Mikel O. Iribar

Buruzagi indigenak azaldu duenez, Castilloren atxiloketa «bidegabeak» ez ezik, Perun duten krisi sozialak eta arrazakeriak ere eragin dituzte egungo protestak: «Ez dugu amore emango».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.