Epaileak "hazi bortitza" sumatu du herritarren mobilizazioetan, baketsuak izan arren

Pablo Llarena epaileak Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideei leporatu die independentzia prozesuarentzat beharrezko ziren urratsei bide ematea. Uste du parlamentua, gobernua eta herri mugimenduak elkar hartuta aritu direla, bide orri batekin. Eta adostutako bide horren barruan, herritarren mobilizazioen "indar erakustaldiak" izan nahi zutela, bortizkeria erabiltzeko mehatxu ez agerikoarekin, Madril negoziatzera "behartzeko" tresna, nahiz eta indarkeria fisikorik ez erabili. Hortaz, ondorioztatu du matxinada delitua gertatzea ez dela baztertzekoa, mobilizazioak baketsuak izan arren, "hazi bortitza" eurekin zeramatelako.

Akusatuak, Auziteg Gorenetik ateratzen, gaur gauean. RODRIGO JIMENEZ / EFE
mikel p ansa
2017ko azaroaren 9a
01:18
Entzun

Pablo Llarena Conde magistratuak argitaratu duen autoak ematen ditu pista batzuk, epaiketa nondik nora joan daitekeen. Batez ere ardatz bat izango du: akusatuek "altxamendu bortitz eta publikoa" egin ote zuten ebaztea. Hori baita matxinada delitua gertatu den edo gertatu ez den argitzeko gakoa, eta hori baita magistratuaren autoaren atal luze eta osatuenetakoa.

Epaileak, ostegunean Auzitegi Gorenean egindako bistaren ondoren, eman du aurreneko iritzia, gero epaiketan frogatu beharko dena: pentsatzen du ez dela burugabea akusatuei matxinada delitu bat egoztea, "altxamendu bortitzetan" ez delako zertan indar fisikoa erabili edo kalte fisikorik eragin.

Epaiketa hasiko den egunean, eztabaida, juridikoa eta politikoa ez ezik, etikoa ere izango dela ematen du, beraz.

Akusatuak, "konstituzioaren markoaren barruan"

Llarena epaileak onartu du, abenduaren 21eko hauteskundeen osteko legegintzaldian, "prozesu eratzaile ilegal bat" sortzeko arriskua dagoela Katalunian. Baina parlamentuko mahaiko kide batzuek uko egin diote etorkizunean politikan jarduteari, eta beste batzuek adierazi dute, jarraitzekotan, "konstituzioaren markotik kanpo" aritzeari uko eginda jarraituko dutela. Itxuraz, argudio hori erabili du magistratuak, fiskalak egindako eskariak txikitzeko kautela neurriak hartzerakoan.

Carme Forcadell parlamentuko presidentearen ekinbidea apartatu egin du epaileak beste kideenetatik. Uste du "printzipala" izan dela eta "lider" gisa jokatu duela prozesu independentistaren momentu ugaritan, baita parlamentuko presidente izan aurretik ere. Horregatik agindu dio espetxea, 150.000 euroko bermea jarrita. Forcadelli aitortu dio, edonola ere, auzitegira deitu duten guztietan bertaratu dela, ez "auzi honetako beste akusatu batzuk" bezala, "ihes eginda daudenak".

Zazpi egun bermea jartzeko

Lluis Corominas, Lluis Guino, Anna Simo eta Ramona Barrufet parlamentuko mahaiko kideei buruz apenas egin duen zuzeneko erreferentziarik epailearen autoak. 25.000 euroko bermea ezarrita, aske utzi ditu. Akusatuek astebeteko epea izango dute bermeak aurkezteko, pasaporteak entregatu beharko dituzte, eta epailearen aurrean aurkeztu, astero.

Joan Josep Nuet Mahaiko beste kidea, Catalunya Si Que Es Potekoa, behin-behinean aske utzi du Llarena magistratuak, bermerik ezarri gabe. Argudiatu du Nuetek beti uko egin diela independentzia aldarrikapena bideratzeko erabakiei, eta Espainiako auzitegien aginduei obeditu izan diela.

Matxinada delituaren oinarriak aztertzen

Akusatuen abokatuek defenditu dute matxinada delitua ezin zaiela leporatu, eta, gehienez ere, autoritateari desobedientzia egitea egotz dakiekeela. Epaileak ez du ukatu beharbada zigor txikiagoko beste delitu batzuk egin dituztela akusatuek, baina uste du matxinada delitua gertatu den zantzu batzuk egon litezkeela. Eta horiek argudiatzen eman du autoaren zati handi bat.

Matxinada delituak eskatzen du, batetik, pertsona edo talde batzuek "modu bortitz eta publikoan" altxatzea, helburu hauetako batekin: independentzia deklaratzea edo indar armatuak gobernuaren aurka itzultzea.

"Estatuarekin hitzarmen bat egitea zen helburua"

Bi helburu horietatik bat, independentzia lortu nahi izatea, akusatuen kasuan agerikoa dela adierazi du epaileak. "Baina adierazi dute estatuarekin hitzarmen bat egitea zela helburua", erantsi du Llarena magistratuak autoan.

Nolanahi ere, helburua hori izanik, independentzia lortzeko altxamendu "bortitz eta publiko" hori egin ote zen aztertzea da auziaren mamia, epailearen esanetan, matxinada delitua gertatu ote den ebazteko.

Independentzia, bide legaletik ez, eta negoziatuta ere ez

Epaileak propio aipatzen du independentzia "bide legaletatik" lortzea ezinezkoa dela. Eta hala izango dela iradokitzen du, besteak beste Espainiako auzitegiek Kataluniako Parlamentuari azkeneko urteetan eman dizkieten aginduak, atzera bota dizkieten legeak eta ezarri dizkieten mugak errepasatuz: "Euren helburua bide legaletatik joan ahalko zen konfiantzarik ezin izan dute inoiz eduki, agerikoa denez".

Epaileak zehazten du akusatuek bazekitela independentzia Espainiako Gobernuarekin negoziatuz lortzea ere ezinezkoa zela, besteak beste konstituzioak berak mugatzen duelako lurraldetasuna. Beraz, ondorioztatu du epaileak, independentzia lortzeko tresna bakarra "legedia paralelo" bat eraikitzea zen.

Edozein moduz, bide "paralelo" horrek herritarren mobilizazioa beharrezko izango zuela eta mugimendu independentista hori sustatzen aritu dela aipatu du epaileak autoan. Forcadellek, puntu horretan, epaileari gogorarazi dio mobilizazio horiek beti "baketsuak" izan direla, eta hala jaso du Llarenak autoan.

Herritarren mobilizazioa, Madril "behartzeko"

Epaileak onartzen du herritarrek eskubidea dutela independentziari buruzko manifestazioak egiteko. Ordea, seinalatzen du mugimendu independentistak botere legegilea, botere exekutiboa eta herritarren mugimendua koordinatu nahi izan dituela —sarri aipatzen du adostutako bide orri bat egon dela—, eta nabarmentzen du pentsatzen zutela herritarren mobilizazio horrek izan behar zuela de facto gertatuko zen independentziaren aitortza politikoa "behartuko" zuen tresna.

"Altxamendu publikoa bortitza izateko, ez da beharrezkoa min edo kalte egiteko gertaerak izatea pertsonen edo ondasunen kontra". Horrela idatzi du epaileak autoan. Alegia, ez dela bortizkeria fisikoaren beharrik "bortitz" gisa hartzeko; altxamendua "bortitz" gisa har liteke, "indar baten erakusketa eta indar hori erabiltzeko asmoa" erakusten den momentutik.

"Altxamendua bortitza da [...] legalki eratutako botereak izutzera bideratzen bada"

Zehazten du altxamendu hori armekin edo borrokekin egiten bada, matxinada delituaren larritze bat litzatekeela. Alegia, ez dagoela indarkeria fisikoa erabili beharrik ekintza bat "bortitz" gisa hartzeko, epailearen esanetan: "Ulertzen da, horrela, altxamendua bortitza dela, altxamendu hori, zalantzarik gabeko moduan, legalki eratutako botereak izutzera bideratzen bada, hala indar baten erabilera aktiboaren bidez, baita odol isurketarik gabea bada ere, nola indar hori erabiltzeko prestasuna modu publiko eta agerikoan agertzearen bidez".

Urriaren 1ean eta harrez geroztikako ekitaldi eta protestetan independentista katalanek jarrera baketsua izan dute, oso modu agerikoan gainera, eta epaileak horri ere erantzun nahi izan dio, zehaztuz jarrera hori hartzeak ez duela esan nahi "altxamendu bortitz eta publiko" horren asmoa, aurretik zetorrena, baztertu egin denik orain.

Epaileak errepikatu egiten du, protesta horietan parte hartu duten pertsonek pentsamendu eta jarrera bakezaleak izan arren, independentzia lortzeko herritarren mobilizazioen bidez "indar erakusketak" egitea arrazoi aski izan daitekeela matxinada delituak funtsik baduela pentsatzeko.

"Hazi bortitzaren" hedapenaren mehatxua, negoziatzera behartzeko

Zehazki aipatzen ditu traktoreen kale-okupazioak, irailaren 20ko atxiloketen harira herritarrek inguratu zituzten eraikin publikoak, Unipost enpresa miatzen ez uztea, poliziak lotan zeuden hotelen "setioa", bide mozketak, "enpresariei egindako mehatxuak", polizien autoak "txikitzea", urriaren 1eko "herri harresi" (sic) batzuen jarrera "aktiboa"... Hala ondorioztatu du epaileak: "Jarrera horiek guztiek adierazten dute hedatzea bilatzen ari zen hazi bortitza".

Arrazoiketa horren ostean dator epailearen ondorioa: "Baldintza hauetan, ez da funtsik gabea akusazioaren asmoa, zeinaren arabera independentziaren bultzatzaileak foku bortitz puntual horietaz baliatu baitzitezkeen, eta baita mobilizazio ausart eta baketsu handiagoez ere, herri mugimenduak balizko leherketa sozial baten pizgailu gisa aurkezteko, eurek modulatu zitzaketenak, eta, beraz, ulertzeko beren helburuak lortu ahal izateko bortizkeria hertsatzaile hori" beren eskuetan zutela. Laburrago esateko: herritarren mobilizazioak bortitzak izatea edo ez, negoziatzeko mehatxu gisa baliatu nahiko zuketela indar independentistek.

Hori guztia argudiatu ondoren, eta epaiketan ondorioztatuko balitz ere matxinada deliturik ez dutela egin akusatuek, epaileak adierazi du zigor txikiagoko delituen egile ere izan daitezkeela akusatuak. Sedizio delitua eta diru publikoak bidegabeki erabiltzearen delitua, bederen, frogagarriagotzat jotzen ditu epaileak, autoan azaldutakoetatik irakur daitekeenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.