Bolivia

Konstituzionalak bozetara berriz aurkezteko baimena eman dio Moralesi

Oposizioak salatu du auzitegiaren erabakia "demokraziaren kontrako kolpea" dela. Iazko otsailean eginiko galdeketan herritarrak Morales berriz aurkeztearen kontra agertu zirela nabarmendu dute oposizioko alderdietako buruek.

Evo Morales Boliviako presidentea, azaroaren 14an, indar armatuekin batera La Pazen eginiko ekitaldi batean. MARTIN ALIPAZ, EFE
Berria
2017ko azaroaren 29a
12:14
Entzun

Evo Morales Boliviako presidenteak 2019ko hauteskundeetan parte hartzeko aukera izango du Auzitegi Konstituzionalak hala baimenduta. Moralesen MAS alderdiak Boliviako Konstituzioaren eta Hauteskunde Legearen zenbait artikulu indargabetzeko aurkeztu zuen helegitearen aldeko ebazpena eman du Konstituzionalak. Helegitean defendatzen dutenez, presidenteak hautatua izateko eskubidea du, eta herritarrek hura aukeratzekoa. Eskubide horiek Amerikako Giza Eskubideen Itunean jasotzen direla argudiatu du MASek. Kostituzionalak ebatzi du nazioarteko itunen aplikazioa lehenetsi behar dela, helegitean aipatzen diren artikuluen gainetik, eta, beraz, Moralesi laugarrenez presidente izateko hautagai izateko baimena aitortu dio. 

Konstituzioak gehienez ere bi agintaldi jarrai baimentzen dituen arren, Morales bere hirugarren agintaldian da, Konstituzionalak horretarako baimena aitortu ziolako 2009ko konstituzioarekin herrialdea birsortu egin zela argudiatuta.

Oposizioko alderdien esanetan, auzitegiaren erabakia "demokraziaren kontrako kolpea" da. Batasun Demokratikoko Samuel Doria Medinak ziurtatu du zilegitasunik gabeko ebazpena dela, eta Moralesen gobernuari leporatu dio "boterean betikotzearren" konstituzioa eta legedia urratzea. Medinak gogorarazi du 2016ko otsailean Morales berriz aurkezteko aukerari buruzko galdeketa egin zela Bolivian eta herritarrek aukera horren kontra bozkatu zutela —ezezkoak irabazi zuen bozen %51,31rekin—. "Lehenengo aldia da gobernu demokratiko batek herriaren bozari entzungor egiten diola", adierazi du.

Jorge Tuto Quiroga presidente ohiak ere gaitzetsi egin du auzitegiaren ebazpena, eta Konstituzionaleko epaileei egotzi die "Evo Moralesen soldatapeko hiltzaile otzanak" izatea. Quirogak ohartarazi du Amerikako giza Eskubideen sistemak ez duela baimenduko itunaren 23. artikulua erabiltzea, "autoritarioak boterean gelditzeko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.