Albistea entzun

Kale edo balerako deia

Puigdemontek ohartarazi du independentistek irabazten ez badute "hamarkadetarako porrota" izango dela Kataluniarentzat.

Igor Susaeta -

2017ko abenduak 19

Izan ere, "demokrazia edo inposaketa" daude jokoan Puigdemonten esanetan: herrialdeak irabaztea edo Rajoyk. Belgikako erbestetik itzultzen baldin bada, Espainiako segurtasun indarrek, Auzitegi Gorenaren aginduz, atxilotu egingo dute. Baina beste inoiz esandakoa errepikatu du, horren harira azken asteotan ERCren eta JPCren artean sortutako tirabirak gorabehera: "Presidente izendatzen baldin banaute, Generalitatean sartuko naiz gobernu legitimoko kideek lagunduta".

JPCkoek etziko bozetarako kanpainan antolatutako azkeneko ekitaldian, Megamitina deitutakoan, hitz egin du Puigdemontek, zuzeneko bideokonferentzia batean; ia ordu erdi iraun du haren agerraldiak. Kataluniaren luze-zabaleko hamaika herritan jarri dituzte pantaila erraldoiak, eta milaka herritarrek horietatik jarraitu dituzte JPCko zerrendaburuaren hitzak.

Bartzelonako Gracia auzoko Virreina plazan ehunka lagun bildu dira iluntzean. Puigdemontek hitza hartu aurretik, pantailan atzerako kontu bat agertu da (20,19,18...), eta azaldu da presidentea. Txalo jo diote eta "president, president!" oihu egin. Herrialde osoan ezinbestean pantailei begira bildutakoei jakinarazi die "harro" dagoela haietaz, eta gogoratu du Kataluniak inoizko "hauteskunde kanpaina ezohikoena" bizi izan duela. Eta aipatu du zer bozkatuko den etzi: "Jokoan dago herrialde hobe bat edukitzea: estatu independentista, edo 155aren estatua". Azpimarratu du, gainera, "jotzen" badituzte ere ez direla "milimetro bakar bat ere mugituko" orain arte marraztutako bide orritik. "Hori da gure egiteko modua".

Salatu du Espainiako Poliziaren errepresioa, oroitu da "preso politikoez", eta JPCren zerrenda goraipatu du: "Kataluniako militanteen zerrenda da, alderdien eskemetatik harago doana". Jarraian, berriro kale edo balerako deia: "Independentismoak irabazten ez badu, subiranotasuna oparituko diogu bai Rajoyri eta baita hark ordezkatzen duenari ere". Botoa eskatu die Kataluniako instituzioak babestu nahi dituzten "katalanistei" eta "demokratei".

ERCkoen bozka JPCri

Kargugabetutako presidenteari babesa adierazteko joan da mitinera Josep, 55 bat urtekoa. "JPCren zerrenda sostengatzen dut, presidente legitimoak kargura bueltatu beharra daukalako". Bestela, aitortu du Josepek, ziurrenik ERCri emango liokeela botoa. Badirudi badagoela bi alderdien arteko lehia bat presidentetza hartzeko, eta uste du ez dela "barne lehietarako" unea: "Pentsatu nahi dut bozen ondoren elkar ulertuko dutela".

Antzeko iritzia du Martak, 45 bat urtekoak. Hark ere ERCri bozkatuko lioke beste zirkunstantzia batzuetan. Etorkizunera begira jarri, eta pentsatzen du alderdi subiranistak ados jarriko direla, eta pasa den urriaren 27ra arte —independentzia adierazpenera arte— mantendutako bide orriari eutsiko diotela. Ez da, ordea, Espainiako Estatuaren jarreraz fio. "Europatik esku hartzen ez badute...". Kataluniako Gobernuak, errepresioaren beldurrez, herriari eskatzen badio egin dezala "geldialdi bat" kaleko mobilizazioetan, Martak uste du jendeak ez duela bitan pentsatuko, eta bere gobernuari desobedituko diola errepublika gauzatzeko ahaleginean. "Betiere, modu baketsuan".

"Portugalek daukanaren moduko" independentzia nahi du Narcisek, 86 urtekoak. Hala dio umorez. Bufanda hori bat darama lepoaren bueltan, eta baita kolore bereko xingola bat ere berokitik zintzilik. Horiak azken hilabeteotan Katalunian sinbolizatzen du askatasun eskaera bat. Gaur Gracian bildutakoen artean askok zeramatzaten kolore horretako jantziak. Narcisen ustez, jendea azken hilabeteotan konturatu da "zeinen urrun" irits daitekeen Madril. "Hasieran, sorpresaz hartu zen jarrera biolento hori". Iruditzen zaio, dena den, independentistek irabazi eta errepublika gauzatzeko asmoa erakusten badute, Espainiako Estatuak ezin diola "errepresio maila" horri eutsi. "Oso antipopularra litzateke". Halere, pentsatzen du Europak ez duela pauso bat bera ere emango Kataluniako herritarrek erebakitakoa defendatzearren. "Arnas luzeko lasterketa bat izango da orain datorrena".

Ekitaldia amaitzeko "independentzia" oihu egin dutenen artean zegoen Narcis. Esteladak astindu dituzte, eta pantailan Puigdemonti batu zaizkio Lluis Puig eta Clara Ponsati, Bruselara erbesteratutako kontseilarietako bi. Irribarrez erantzun diote jendearen berotasunari. Narcisen emaztearen arabera, errepresioa gorabehera, independentistek, beti bezala, irribarre batekin erantzungo dute. Els Segadors modu solemnean kantatuz bukatu da ekitaldia.

JPCk bezala, gainontzeko alderdiek ere asteartean egin dituzte kanpaina amaierako ekitaldiak. Asteazkenean, hala ere, CUPek antolatuak dauzka zenbait ekitaldi Herrialde Katalanetako gainerako lurraldeetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manifestarietako batzuk, atzo, Bruselan. ©OLIVIER HOSLET / EFE

Sei zauritu eta hogei atxilotu Bruselan, neurrien aurkako protestan

Berria

Belgikan ere derrigorrezkoa da COVID ziurtagiria tabernetan, jatetxeetan eta aisialdirako hainbat guneetan sartzeko

Aung San Suu Kyi kargugabetuiko gobernuburua asktzeko eskatzen duten afixak, estatu kolpearen aurkako protesta batean, martxoaren 18an, Yangonen. ©Stringer / EFE

Lau urterako espetxe zigorra ezarri diote Aung San Suu Kyiri

Berria

Militarren diktaduraren aurkako matxinada sustatzea eta izurriaren inguruko neurriak haustea egotzi diote. Beste hainbat auzi ditu irekita, eta baliteke bizi arteko espetxealdia ezartzea.

Eric Ciotti, Valerie Pecresse eta LRko presidente Christian Jacob, hurrenez hurren. ©CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Valerie Pecresse aukeratu dute LRko presidentegai izateko

Arantxa ElizegiEgilegor

Emakumezko presidentegai bat izango du lehen aldiz eskuin tradizionalak. Militanteen botoen %61 eskuratu ditu Ile-de-France eskualdeko hautagaiak primarioetako bigarren itzulian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.