Gobernu berria osatu arte, Moncloak indarrean izango du 155. artikulua
Generalitatearen ardura bere esku izango du Espainiako Gobernuak Katalunian legebiltzar berria osatzen denean ere.

Espainiako Gobernuak Generalitatearen eskumen guztiak bere gain izango ditu gaurko bozen ostean ere. Legebiltzarrak presidente berria aukeratu eta hark gobernua osatu arte ez du gidaritza utziko Moncloak.
Horretarako, gaurko aulki banaketa jakin, batuketa posibleak ikusi eta akordioak egin beharko dituzte alderdiek. Legebiltzarrak aukeratuko du lehendakari berria, eta haren esku geldituko da gero gobernua osatzea.
Espainiako Ministroen Kontseiluak halaxe egitea erabaki zuen Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea erabaki zuenean. Gobernu berria osatu arte, Espainiako Gobernuko ministroen esku egongo dira Generalitateko Kontseilaritzak, eta Mossoak Barne Ministerioaren agintepean. Ardurak Kontseilari berrien esku utziko dituzte, Generalitate berria osatutakoan.
Inork ez badu lortzen gehiengoa osatzeko lain babes, Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuaren esku geldituko litzateke berriz ere hauteskundeetara deitzeko ardura. Nolanahi ere, Efe berri agentziari Moncloako iturriek esan dietenez, beren asmoa litzateke "ahal bezain azkarren" Generalitateari itzultzea ardura.
Bihar aztertuko ditu hauteskundeetako emaitzan Espainiako Gobernuak, Ministroen Kontseiluan.
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.