Ehunka lagunek salatu dute Ibon Urrengoetxearen hilketa

Zornotzan, elkarretaratzea egin dute herritarrek. Joan den abenduaren 23ko goizaldean kolpeka hil zuten Urrengoetxea, Bilbon.

Udaletxeko plaza bete egin du elkarretaratzeak. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
2017ko abenduaren 26a
22:31
Entzun

Hilketarekin hunkituta eta lur jota dago Zornotza, eta gaur hunkidura hori salaketa bihurtu dute. Udalak adierazpen instituzional bat onartu du, eta elkarretaratzera deitu du iluntzean, eta ehunka herritarrek bat egin dute deialdi horrekin.

Udaletxe aurreko plazan egin dute elkarretaratzea. Ehunka lagunek bete dute plaza, isil-isilik, hilketa gaitzesteko eta Ibon Urrengoetxearen senide eta lagunei elkartasuna eta berotasuna adierazteko. Protesta bukatu dutenean, txalo luze jo dute bertara batutakoek.

Abenduaren 23ko goizaldean, bi pertsona gerturatu zitzaizkion Urrengoetxeari Bilboko Plaza Biribilaren inguruan, ustez lapurtzeko asmotan, eta kolpeka ekin zioten, hilik utzi zuten arte. Ertzaintzak laguntza eskatu du erasotzaileak identifikatzeko.

Gaurko protestaren aurretik, hiletak egin dizkiote Urrengoetxeari. Futbol jokalari ohia zen, eta oso ezaguna zen herrian.

Udaleko bozeramaileen batzordeak gaur egin du bilera, eta agiri instituzional bat onartu du. Gogor salatu dute hilketa, "mina eta gaitzespena" agertu dituzte, eta familiari "babes osoa" azaldu diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.