Zibersegurtasunerako Euskal Zentroa

Zibersegurtasunerako Euskal Zentroa gorpuztu da

FIRST foroan egotea eta goi mailako teknikariak formatzea da helburua, sarean herritarren eta enpresen segurtasuna bermatzeko.  

Arantxa Tapia eta Estefania Beltran de Heredia Azpiegitura eta Segurtasun sailburuak eta Javier Dieguez Zibersegurtasun Euskal Zentroaren zuzendaria. ARGAZKI PRESS
Kerman Garralda Zubimendi.
2018ko urtarrilaren 10a
13:59
Entzun

Hiru hilabetez itzalean lanean ibili ostean, Basque Cybersecurity Centerrek edo Zibersegurtasunerako Euskal Zentroak oinarriak zehaztu ditu, eta prest da sarean herritarren eta enpresen segurtasuna bermatzeko. Zentroak denetariko zerbitzuak eskainiko ditu: alertak eta oharrak zabaldu, intzidenteen erantzunak aztertu eta koordinatu, abisu proaktiboak igorri, segurtasun diagnostikoak egin eta dibulgazio lanak. Estafania Beltran de Heredia Segurtasuneko sailburuak nabarmendu du kalean gertatzen diren delitu guztiek dutela pareko bat sarean, eta "gure helburua herritarren segurtasun pertzepzioa sarera zabaltzea da".

Honetarako, zibersegurtasun operazioetako hiru ingeniari eta zuzendari bat lanean daude jada. "Ez dugu lan-talde handirik behar, dagoeneko martxan dauden zibersegurtasun enpresa pribatu zein publikoekin kolaborazioak egingo ditugulako", azaldu du Alexander Arriola Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateko zuzendari nagusiak. Proiektuaren bultzatzaileek garrantzi handia eman diote talde lanari, "Zibersegurtasunerako Euskal Zentroa ez baita zibersegurtasun-industrian lehiatzailea, eta ez baitu antolakundeen azpiegitura pribatua inbadituko. Era berean, jadanik eskura dauden zerbitzuak ez ditu bikoiztuko". Adibidez, Gipuzkoako Foru aldundia prestatzen ari den zibersegurtasun zentroarekin harremanetan daudela aipatu du Javier Dieguez Zibersegurtasunerako Euskal Zentroko zuzendariak, "baina denbora gutxi daramagu hizketan eta ez dago zehaztasun handirik".

Atzerriko zibersegurtasun zentroekin harreman optimoa izateko ezinbestekoa da FIRST (gertakari informatikoei erantzuteko lantaldeen mundu mailako foroa) sarean egotea. Horretarako, CERT (ingelesezko Computer Emergency Response Team siglak) maila lortu beharko du aurretik Zibersegurtasunerako Euskal Zentroak. Otsailean hasiko dituzte jauzi kualitatibo hau emateko urratsak, eta bidean INCIBE (Zibersegurtasunerako Institutu Nazionala) eta ECSO (European Cyber Security Organization) erakundeen laguntza izango dute.

Zibersegurtasunerako Euskal Zentroak formakuntza saioak ere eskainiko ditu. Adituak sortzea da asmoa, etorkizunean zibersegurtasunari buruzko ikastaroak emateko irakasle kualifikatuak edukitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.