Ekialde Hurbila

AEBek ukatu egin dute Sirian "mugako segurtasun indar bat" sortu nahi dutela

"Egoera gaizki azaldu da, eta batzuek ez dute egoki solas egin", erran du Rex Tillerson Estatu idazkariak bart. Turkiak erantzun du adierazpena "inportantea" dela, baina inbasiorako asmoei eutsi die.

AEBren abesa duten milizia kurduak Al Raqa hiriko (Siria) erdigunean, artxiboko irudi batean. YOUSSEF RABIH YOUSSEF, EFE
mikel rodriguez
2018ko urtarrilaren 18a
15:09
Entzun

AEBetako ordezkari militarrek joan den asteburuan adierazi zuten kurduen miliziak eta horien aliatu arabiarrak oinarri hartuta 30.000 kideko armada bat trebatzen hasi zirela, SDF Siriako Indar Demokratikoek kontrolatzen duten eremuaren mugetan hedatzeko. "ISIS [Estatu Islamikoa] oraindik Siria ipar-mendebaldeko eta Eufrates haraneko eremuei erasoka ari da, beraz, egiten ari garen gauza bakarra da entrenamendu gehiago eman eta ISISen iheserako bideak blokeatzea", zehaztu zuen Tillersonek bart, Kaliforniako Stanford hirian egindako agerraldi batean. Erran zuenez, berriki Kanadan egin duten nazioarteko bilkura batean eman zizkion azalpenak Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroari.

"Adierazpen hori inportantea da", erantzun du gaur Abdulhamit Gul Turkiako Justizia ministroak NTV telebista katean, "baina Turkia ezin da isilik gelditu haren mugak mehatxatzen dituen indar baten aitzinean". Çavusoglu ere telebistan mintzatu da gaur, CNNTurk katean, eta erran du Siriako kurduen Afrin barrutia eta Eufratesen mendebaldeko hegian dagoen Manbij hiria inbaditzeko planei eutsiko dietela. Are gehiago, balizko aire erasoetarako Errusiarekin eta Iranekin koordinatuko direla ere erran du. 

Hulusi Akar Turkiako estatu nagusiko buruzagia Moskura joan da gaur Errusiako ordezkariekin elkartzeko. Herenegun, Joseph Dunford AEBetako estatu nagusiko buruzagiarekin elkartu zen Bruselan. Atzo, berriz, Turkiako Gobernuarekin egin zuen bilera, planak aztertzeko.

Laguntza eske nazioarteari

Siriako kurduen alderdi nagusiak, PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiak, Turkiaren asmoen kontra esku hartzeko eskatu zion nazioarteari atzo, eta NBE Nazio Batuen Erakundeari, berriz, Siriako Kurdistango mugak "eremu seguru" izendatzeko. Siriako kurduen ordezkariek salatu dute joan den asteburutik Turkia egunero ari dela Afrin eta Eufrates mendebaldeko eremuak bonbardatzen artilleriaren bidez. 

Damaskoren ohartarazpena Ankarari

Siriako Gobernuak, berriz, gogor erreakzionatu zuen AEBek iragarri zuten mugako indar horren kontra, eta Atzerri Ministerioak gaur berretsi du Washington Sirian egiten ari den esku hartzea "burujabetza nazionalaren aurkako" erasotzat duela. Horrekin batera, baina, Faisal Miqdad Atzerri ministrordeak Turkiari ere zuzendu dio mezu bat: Turkiako buruzagiei ohartarazten diegu Afrinen borrokarako misioa bat hasten badute, Turkiako armadaren eraso ekintzatzat hartuko dugula".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.