Ekuador

Agintaldi kopurua mugatuko du Ekuadorrek

Herritarren %64k bozkatu dute konstituzioa moldatzearen alde. Neurriak Rafael Correa berriz presidente izatea eragotz dezake.

Lenin Moreno Ekuadorreko presidentea, atzo, Quiton, presidentearen jauregitik eskaini zuen hitzaldian. /
Lenin Moreno Ekuadorreko presidentea, atzo, Quiton, presidentearen jauregitik eskaini zuen hitzaldian. / Jose Jacome/EFE

Berria -

2018ko otsailak 5

Ekuadorko konstituzioa moldatu eta herrialdeko agintarien hautagaitza aukerak mugatzearen alde bozkatu dute ekuadortarrek, erreferendumean. Lehen zenbaketa azkarraren arabera, bozen %64,3ren babesa jaso du gehienezko agintaldi kopurua ezartzearen aukerak. Ondorioz, herritarrek hautatzen dituzten agintariak gehienez ere bi agintaldi egin ahalko dituzte kargu berean.

Erabakiak Rafael Correa presidente ohia berriz ere presidente hautatzea eragotz dezake. Izan ere, Correa 2008an aukeratu zuten bigarrenez Ekuadorko presidente.

Lenin Moreno Ekuadorko presidentea pozik agertu da emaitzarekin, herritarrek haren proposamenari baiezkoa eman baitiote. "Politikari zaharrak ez dira berriz itzuliko", adierazi du. "Berritzeko beharra izango dute". Morenok iragarri du gobernuak berehala ekingo diola herritarrek bozkatutakoa gauzatzeari, eta hurrengo 30 egunetan neurriak hartuko dituela jakinarazi du.

Correak salatu duenez, erreferendumaren helburua bera berriz ere presidente izateko aukerarik gabe uztea izan da. Ziur agertu da gobernuak atzerako eraginez ezarriko duela neurria, eta 2008an bigarrenez aukeratua izan zenez beste behin presidentegai izatea debekatuko diola.

Guztira, zazpi galdera erantzun dituzte herritarrek erreferendumean, eta proposamen guztiak onartu dituzte. Horien artean, ustelkeriagatik kondenatutakoei politikan parte hartzea debekatzea eta haien ondasunen galerarekin zigortzea.