Ekialde Hurbila

Siriako Gobernuaren aldeko miliziei eraso diete AEBek

Washingtonen arabera, SDF koalizioari erasotzeko asmoa zuten, baina Damaskorentzat "bertze eraso ekintza bat" eta "terrorismoa laguntzeko ahalegin bat" izan da.

AEBetako egazkina, Sirian. /
AEBetako egazkina, Sirian. / COLTON ELLIOTT

Mikel Rodriguez -

2018ko otsailak 8

Bart arratsean egin dute aire erasoa, eta iturri ezberdinen arabera handia izan da hildako kopurua: AEBetako armadaren ordezkari batek erran du "ehun borrokalari baino gehiago" hil dituztela, eta Siriako Ikhbariya telebista publikoak jakinarazi du "dozenaka" hil dituztela. Ekialdeko Deir ez-Zor probintzian izan da erasoa. "Susmoa izan dugu Siriako erregimenaren aldeko indarrak ahaleginean ari zirela SDFk Daex-engandik [EI Estatu Islamikoarengandik] 2014 eta 2017 artean askatutako lurrak hartzeko", adierazi du AEBetako armadak. "Segur aski, Khuxamgo petrolio putzuak hartu nahi zituzten".

Ikhbariya katearen arabera, "SDFren eta Estatu Islamikoaren aurka borrokan ari diren bertako herritarrak" izan dira AEBen aire erasoen helburu. Lilwa Ani SDFren bozeramaileak, berriz, erran du milizianoek aurre egin diotela gobernuaren aldekoen "erasoari", eta AEBek EIren aurka zuzentzen duten nazioarteko koalizioak "erregimenaren hainbat base eta ibilgailu suntsitu" dituela.

Gerra hasi zenetik (2011), AEBek Siriako Gobernuaren aldeko indarren aurka egin duten eraso handiena izan da. 2016an Siriako hainbat soldadu hil zituen Deir ez-Zor probintzian, baina "akats bat" izan zela erran zuen. Iaz, Donald Trump AEBetako presidenteak Siriako armadaren aire base bat bonbardatzeko agindu zuen, ustezko eraso kimikoei emandako erantzun gisa. Jordaniako eta Irakeko mugako eremuetan ere zenbait borroka izan ditu Damaskoren aldeko miliziekin.

Errusiak erantzunik ez

Siriako Gobernua Errusiak babesten du, baina Thomas F. Veale AEBetako koronelak berri agentziei jakinarazi dienez, Moskuk ziurtatu die ez diela erasorik eginen ez nazioarteko koalizioari, ez SDFri. "Koalizioko arduradunak komunikazio etengabean egon dira Errusiakoekin, erregimenaren indarren erasoaren aitzinetik, erasoaren bitartean, eta ondoren".  

Deir ez-Zor probintzia gehiena EIren menpe egon zen iaz arte, baina gaur egun galdua du ia eremu dena, Siriako armadak eta aliatuek mendebaldetik, eta SDF Siriako Indar Demokratikoek iparraldetik egindako erasoaldien ondorioz —kurduen miliziak dira SDFren indar nagusia—. Probintzia, praktikan, Siriako Gobernuaren eta SDFren artean banatuta dago orain, eta Eufrates ibaian ezarrita dute muga. Interes ezberdinak dituzte bi aldeek, eta, oraingoz, ez dute etorkizunari buruzko akordiorik egin. Gerra fronterik ere ez dute ireki elkarren aurka.

Gerraren arreta nagusia herrialdearen ipar-mendebaldean dago azken asteotan; alde batetik, Turkia kurduen Afrin barruti autonomoaren aurka egiten ari den erasoaldiarengatik, eta, bertzetik, Siriako armada Idlib probintzia ia osorik kontrolatzen duten talde islamista suniten aurka egiten ari denarengantik.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna