Katalunia

JxCk presidentzia legea aldatzeko proposamena aurkeztu du, ERC gabe

Legearen moldaketak bide eman nahi dio Carles Puigdemont urrunetik presidente izendatzeko aukerari. ERCk legealdiaren gaineko akordio orokorra adostu nahi du aurretik.

Eduard Pujol, Laura Borras eta Francesc de Dalmases JxCko parlamentariak, ERCrekin egin duten bileratik irteten, gaur, Bartzelonan. /
Eduard Pujol, Laura Borras eta Francesc de Dalmases JxCko parlamentariak, ERCrekin egin duten bileratik irteten, gaur, Bartzelonan. / Toni Albir/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko otsailak 9

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetu eta JxCren zerrendaburua Generalitateko presidente izendatu ahal izateko moduaren bila ari da JxC. Xede horrekin, Kataluniako presidentzia legea moldatzeko proposamena erregistratu du parlamentuan. ERCk ez du proposamena babestu oraingoz, eta JxCk bakarrik sinatu du. ERCk denbora gehiago eskatu du, aurretik, inbestiduraren gaineko akordio orokor bat adosteko.

Presidentzia legea aldatuta, JxCk egingarri bihurtu nahi du Puigdemont telematikoki presidente izendatzeko aukera. Babes juridikoa eman nahi dio urruneko izendapenari.

Proposamena urgentziaz tramitatu dadila eskatu du JxCk, baita irakurraldi bakarrean tramitatu dadila ere, eta hura bozkatzeko osoko bilkura deitu dezala parlamentuko mahaiak. Datorren asteartean aztertuko du mahaiak JxCren proposamena, urgentziaz tramitatzea onartzen duen ala ez erabakitzeko.

Urgentziazko tramitazioak Auzitegi Konstituzionalaren onespena jaso zuen iaz, Junts pel Sik eta CUPek deskonexiorako legeak eztabaidatu ahal izateko parlamentuaren araudiaren erreforma azkarra bultzatu zutenean.

Inbestidurarako egutegia, geldi

Inbestidurarako atzera kontua ez da hasi oraindik Kataluniako Parlamentuan. Hala adierazi dute parlamentuko letratuek: legeak ezartzen duen gehienezko epea ezin da zenbatzen hasi oraindik, inbestidura saiorako deituta zegoen osoko bilkura parlamentuaren esku ez zeuden baldintzengatik atzeratu behar izan baitzuen Roger Torrent parlamentuko presidenteak.

Letratuen esanetan, "baligabetua uler daiteke" osoko bilkuran hautagaitza proposamena aurkezteko hamar eguneko epea; gutxienez, Auzitegi Konstituzionalak erabaki arte Madrilek Puigdemonten hautagaitzaren kontra aurkeztu zuen helegitea tramitera onartzen duen ala ez.

Konstituzionalak erabakia hartzen duenean, Torrentek atzera kontua hasten den ala ez aukeratu ahalko du, eta egoerak luzaro blokeatuta jarraitzen badu, talde parlamentarioek egutegiaren epeak abian jartzea behartzeko aukera izango dute, automatikoki hauteskundeak deitu aurretik.

Letratuak ados izan dira atzera kontua hasi gabe zegoela finkatzeko garaian. Aldiz, desadostasunak izan dituzte, egoera desblokeatu ahal izateko proposatu diren aukeren inguruan eta Torrent parlamentuko presidenteak har ditzakeen erabakien gainean.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna