Ekonomia

Zerbitzuak eta kontsumoa izan ziren EAEko ekonomiaren motorrak 2017an

Industriak hazkunde tasa sendoari eutsi dio (%2,7), eta, aspaldiko partez, eraikuntzaren ekarpena nabarmena izan da (%2,5).

Donostiako saltoki bat, merkealdietarako prestatzen. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
Iker Aranburu.
2018ko otsailaren 27a
14:30
Entzun

Urtarrilaren 29an aurreratutako datuak zabaldu ditu gaur Eustatek. Estatistika erakundeak berretsi du iaz %2,9 hazi zela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia. 2016an baino bi hamarren gutxiago da, baina urtearen hasieran esperotakoaren gainetik izan da, alde handiz gainera. Laugarren urtez hazi da BPGa hiru lurralde horietan, eta, iragarpen guztien arabera, bosgarrena ere izango da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak kalkulatu du aurten %2,5 handituko dela ekonomia.

Sektoreei erreparatuz gero, zerbitzuek nagusitasuna berreskuratu dute. 2016an BPGaren batez bestekoaren azpitik hazi ondoren (%2,8, hiru hamarren gutxiago), 2017an zerbitzuak berriro ekonomiaren motor nagusia izan dira, %3,1eko hazkunde tasarekin. Atal horren barruan, herritarren kontsumoa nabarmendu da, merkataritza, ostalaritza eta garraioa azpi-atala baita gehien hazi dena (%3,7).

Industriak martxa onari eusten dio: %2,7 hazi da, 2016an baino bi hamarren gutxiago, baina urtearen amaieran hazkunde erritmoa nabarmen bizkortu da: 2016ko azken hiruhilekoan baino %3,7 handiagoa izan da. 

Hazkunde erritmoa bizkortu du eraikuntzak ere. Hainbat urtez uzkurtzen aritu ondoren, 2016an itzuli zen hazkunde tasa positiboetara (%1,8), eta 2017an joera hori indartu du (%2,7). Kasu horretan ere, urteak aurrera egin ahala hobera egin du sektoreak, eta azken hiruhilekoa %3,1eko hazkundearekin bukatu du.

Gauzak beltzago daude lehen sektorean. Nekazaritzak, abeltzaintzak eta arrantzak %3 egin du atzera 2017an. Urtearen amaiera are okerragoa izan da, %11,9 uzkurtu baita.

Kontsumoa eta inbertsioak

Zerbitzuen hazkundearen atzean gastu pribatuaren hazkunde tasa sendoa dago. Familien kontsumoa %3 handitu da, eta sektore publikoak ere bere ekarpena egin du, %2,4 gehiago gastatu baitu. Baina enpresen ekarpena ere handia izan da, azken urteetako irabaziak inbertsioak handitzeko erabili dituztelako: 2017an kapital eraketa gordina %3,5 hazi da, batez ere ekipo-ondasunetan (makinetan) %4,7 gehiago inbertitu dutelako.

Lurraldeei erreparatuz gero, gorabehera handirik ez da izan: %3 hazi da Arabako ekonomia, %2,9 Bizkaikoa eta %2,8, berriz, Gipuzkoakoa. Nafarroako Estatistika Institutuak etzi berretsiko du Nafarroari buruzko datua, baina iaz %3,2ko hazkundea izan zuela aurreratu zuen duela hilabete.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.