Martxoak 8

Mugimendu feminista: "Onartezina da Elizak emakumeen bizitzan sartu nahi izatea"

Donostiako gotzainak adierazi du Martxoaren 8ko greba "deabruak" bultzatutakoa dela. Jaurlaritzak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak esan dute adierazpen horiek "tokiz kanpo" daudela.

Jose Igancio Munilla, Donostiako gotzaina. /
Jose Igancio Munilla, Donostiako gotzaina. / Gorka Rubio/Argazki Press

Berria -

2018ko martxoak 6

Bi feminismo mota bereizi ditu Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak, "femeninoa" bata, "legearen eta justiziaren aurrean gizon eta emakumeen arteko berdintasuna" bilatzen duena, eta "muturrekoa edo generoari lotua" bestea, bi sexuen arteko "erabateko berdintasuna" bultzatzen duena. Lehena ontzat ematen du Munillak; ez, ordea, bigarrena: "Deabruak gol bat sartu dio kausa feministari, barrutik sartu ere".

Feminismoak "emakumeak hara-kiria egitera" bultzatzen dituela salatu, eta abortoa, lesbianismoa eta bisexualitatea defendatzen dituela gaitzetsi du: "Muturreko edo generoari lotutako feminismoak biktima bilakatzen du emakumea eta kausa femeninoa. Abortua emakumeen aurkako genozidioa bilakatu da, Txinan eta antzeko herrialdeetan emakumeak jaio ez daitezen erabiltzen dutelako".

Munillak aitortu du badela "oinarrizko arazo bat", emakumeen aurkako indarkeria ikuspegi matxista batetik sortzen dena, eta "gizonek edo gizon batzuek euren boterea baliatuta emakumeen aurkako bekatu bilakatzen dutena". Baina, aldi berean, nabarmendu  du "akatsa" dela sexu baten eta bestearen kausak bereiztea edo "aurrez aurre jartzea":

Euskal Herriko mugimendu feministak gaitzetsi egin ditu gotzainak Radio Maria irratian esandakoak. "Onartezina da Eliza emakumeen bizitzan, osasunean eta gorputzean sartu nahi izatea". Martxoaren 8ko grebari buruz mintzatzeko egin duten prentsaurrekoan, mugimenduko bozeramaileek salatu dute Eliza "sistema heteropatriarkalaren parte" dela eta "etengabe" esaten diela emakumeei zer egin behar duten.

Anabel Sanz mugimendu feministako kideetako batek adierazi du Munillaren hitzak "adar jotzerako motibo" liratekeela, Elizak duen boterearengatik ez balitz.

Mugimendu feminista ez ezik, hainbat erakunde ere haserretu ditu Munillaren hitzek. Hark esandakoak "ulertezinak eta desegokiak" direla esan du Josu Erkoreka bozeramaileak. Gaineratu du ez duela uste gotzainaren hitzak "kristau komunitateak pentsatzen duenarekin" bat datozenik.

Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanoren iritzian ere Munillaren adierazpenak "ez datoz bat gehiengoaren ikuspuntuarekin". Eneko Goia Donostiako alkateak gogorrago kritikatu ditu gotzainaren hitzak. "Beste mundu batean bizi dela iruditzen zait", adierazi du. Goiaren arabera, "erabat anakronikoak" dira Munillaren esanak, eta "tokiz kanpo" daude

Gipuzkoako PSEko idazkari nagusi Eneko Andueza ere Munillak esandakoen kontra agertu da. "Errealitatetik urrun" egotea leporatu dio. "Ahal balu, sutara bidaliko lituzke feministak". Bide batez, salatu du gotzainak gutxietsi egiten dituela emakumeek dituzten arazoak.

Donostiako gotzainaren adierazpenek erantzun zabala izan dute sare sozialetan ere:

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna