Puigdemont inbestitzea galdegin dute JxCk, CUPek eta ANCk

Urruneko inbestidura legedian jasotzeko aurkeztu zuen proposamena hartu nahi du oinarri JxCk. CUP prest agertu da parlamentuko mahaian sartzeko, Puigdemonten inbestidura bultzatzeko. ANCk nabarmendu du igandeko manifestazioan jendeak Puigdemont aldarrikatu zuela presidente.

CUPeko diputatu Carles Riera eta Elsa Artadi eta Laura Borras JxCko diputatuak, artxibokoirudi batean. TONI ALBIR, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko martxoaren 26a
11:47
Entzun

Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratuaren atxiloketak indartu egin du bera presidente izendatzea defendatzen dutenen ahotsa. Igandean, Bartzelonako manifestazioan bildu ziren dozenaka mila herritarrek —55.000 manifestari, Bartzelonako udaltzaingoaren esanetan— "Puigdemont, gure presidentea" oihukatu zuten. Horixe nabarmendu du Elisenda Pañuzie ANC elkarte subiranistako idazkari nagusi izendatu berriak. Paluzieren iritziz, alderdi politikoek hilabeteak daramatzate Puigdemont ez den beste presidentegai bat inbestitu nahian, baina herritarrek haren aldeko jarrerari eutsi diote.

Presidente kargugabetua epailearen aurretik pasatzekoa den egunean, haren inbestidura galdegin du JxCk ere. Elsa Artadi zerrendako bozeramaileak jakinarazi du bere taldea aukera hori lantzen ari dela berriz ere. "Dauzkagun elementuekin Puigdemont presidente nola egiten dugun aztertu behar dugu. Ez era sinbolikoan; egiaz, baizik". Horretarako, JxCk parlamentuaren araudia moldatzeko proposamena egin duela gogorarazi du. Proposamen horrek urruneko inbestidura ahalbidetzea du helburu, era telematikoan parlamentuan ez den hautagai bat presidente izendatu ahal izateko.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ohartarazia du bide hori legez kontrakotzat hartuko duela. Beraz, parlamentuak proposamenari bide emango balio, Espainiako Justiziak parlamentuko arduradunen kontrako neurriak hartu ahalko lituzke.

Hala ere, JxCk eta ERCk joan den ostiralean onartu zuten tramiterako proposamen hori parlamentuko mahaian, eta joan den larunbatean argitaratu zen buletin ofizialean.

CUPek bere burua eskaini du bide hori bultzatu eta parlamentuko mahaiko kideek izan ditzaketen ardurak partekatzeko. Hala, mahaian sartzeko prest agertu da. Maria Sirvent diputatuaren esanetan, "desobeditu egin beharko genuke herri oso baten oinarrizko eskubideak errespetatzeko gai ez den estatu baten aurrean".

Horrez gain, "herrialdea geldiaraztea" proposatu du CUPek, Kataluniako "salbuespen egoera" salatzeko. Alderdiak bat egin du Roger Torrent parlamentuko presidenteak proposatu duen "fronte bateratuarekin" ere, eskubide zibil eta demokratikoen defentsan, eragile "demokratiko" guztien erantzun koordinatua erdiestea helburu.

Artadik ere ontzat eman du Torrenten proposamena, baina ohartarazi du fronte bateratuak isla izan beharko lukeela "ekintza konkretuetan". JxCko bozeramailearen iritziz, fronte horretara batzen denak onartu beharko luke, "gutxienez", Katalunian badirela preso politikoak, erbesteratuak eta arrazoi politiko hutsengatik jazarriak direnak.

Gabriel Rufian ERCren Espainiako Kongresuko diputatuak adierazi du Puigdemont inbestitzeko aukeraz hitz egin beharko litzatekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.