Katalunia

Puigdemont baldintzapean aske utzi du Alemaniak

Matxinada deliturik ez dela egon ebatzi du Schleswig-Holsteingo auzitegiak, salatutako gertakarietan ez delako "bortizkeriarik" egon. Belgikako justiziak ere aske utzi ditu Comin, Serret eta Puig, deklarazioa hartu ondoren. Trapero mossoen mayorra, aldiz, matxinada egotzita auzipetu du Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Puigdemont eta Sanchez, artxiboko argazki batean. QUIQUE GARCIA, EFE
2018ko apirilaren 5a
07:14
Entzun

Puigdemont presidente erbesteratua baldintzapean aske uzteko agindu dute epaileek. Schleswig-Holsteingo auzitegiak ebatzi du ez dagoela matxinada deliturik, eta behin-behinean espetxetik irteteko baimena eman dio, Espainiako Auzitegi Gorenak emandako euroaginduari buruz erabakitzen duen bitartean. 75.000 euroko bermea ezarri dio, eta hori biltzeko lanean ari dira defentsako abokatuak. Espero dute ostiralean kalean utziko dutela.

Auzitegiek prentsa ohar batean azaldu dutenez, "onartezina" da Puigdemonten kasuan matxinada delitua dagoela esatea, halakorik ez dagoelako Alemanian, eta Zigor Kodeak jasotzen duen antzekoena "traizio larria" izanik ere, hura egoteko indarkeria egon beharko lukeelako, eta kasu honetan ez delako halakorik izan. Beraz, ihes egiteko arriskua dagoela onartu arren, nabarmendu du orain "gutxitu" egin dela, matxinada deliturik ez duelako sumatzen.

Schleswig-Holstegingo fiskal nagusiak egindako eskariak parte batean baztertu egin ditu, beraz, epaileak. Matxinada delituaren zantzuak bazeudela, eta Puigdemont kartzelan mantentzeko arrazoiak sumatzen zituela adierazi zuen fiskalak asteartean, ihes egiteko "arrisku handia" ikusten ziolako. Espainiaren argudioak ontzat jo zituen beraz fiskalak, baina epaileek ez dituzte ontzat jo fiskalaren balorazioak. Matxinada delituaz gain, ordea, diru publikoa bidegabe erabiltzea ere egozten dio Gorenak buruzagi independentistari. Horri buruz ez dute oraingoz ezer ebatzi Alemaniako auzitegiek.

Apirilaren 25ean atxiki zuten Puigdemont poliziek, Alemaniako muga igarotzearekin batera. Hainbat orduz polizia-etxean eduki ostean, Neumunstergo kartzelara eraman zuten, euroaginduari buruzko erabakia hartu zain. Behin-behinean han egon da, epaileek ostegun honetan aske uzteko agindu duten arte. Twitterreko kontuan txioa zabaldu dute, presidente ohiaren izenean: "Bihar ikusiko gara".

Hemendik aurrera bi hilabeteko epea izango du Scheswig-Holstegingo Lurralde Auzitegiak, euroagindu eskariari buruz erabaki bat hartzeko. Baina, aurrekaria ikusita, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik soilik Espainiaratu ahalko luke. Bi hilabeteko prozedura hori beste 30 egunez ere luzatzea gerta liteke.

Comin, Serret eta Puig ere, baldintzapean aske

Alemanian soilik ez, Belgikan ere mugitu dira gaur auzitegiak. Toni Comin, Meritxell Serret eta Lluis Puig epailearen aurrean deklaratzera joan dira ostegun honetan, eta epaileak baldintzapean aske utzi ditu haiek ere, ihes egiteko arriskurik ez dutela iritzita. Ez die bermerik jartzeko er agindu.

Espainiak haien kontra eman duen bigarren euroagindua da, eta lehen harekin ere Belgikako justiziaren aurrean agertu ziren. Orduan ere aske utzi zituen epaileak, orain bezala, ihes egiteko arriskurik ez zutelakoan. Hemendik aurrera, euroaginduari buruzko erabakia aztertzen hasiko dira hango epaileak ere. Diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi die Espainiak hirurei, baina Comini, gainera, matxinada delitu bat ere leporatu dio. Serreti eta Puigi, aldiz, desobedientzia leporatu die.

Espainiako Gobernuak adierazi du ez duela auzitegien lanari buruzko baloraziorik egiten, eta orain ere ez duela egingo. Rafael Catala Justizia ministroak adierazi du "justiziaren independentziaren adierazle bat" dela.

Sanchez presidentegai bihurtzeko bidean, baina argitu gabe

JxC Junts Per Catalunyak eta ERCk proposamena lantzen jarraitzen dute, Kataluniako presidentea aukeratu ahal izateko. Gaur hiru mugimendu izan dira, Alemaniako epaileek Puigdemont aske uzteko agindu aurretik. Batetik, presidente ohiak berak Jordi Sanchezen hautagaitzaren alde egin du, NBEren ebazpena aintzat hartuta hark aukera gehiago dituela iritzita, Espainiari Sanchezen eskubide politikoak errespetatzeko eskatu baitzion. Bestalde, Jordi Turullek, Estremerako kartzelatik, uko egin dio presidentegai izateari. Hirugarren mugimendua Sanchezek berak egin du, presondegitik hautagai izateko prest dagoela jakinarazi baitu. JxCk ontzat jo du hautagaitza.

Kataluniako Legebiltzarrean osoko bilkura hasi aurretik iritsi da Carles Puigdemonten eskutitza. JxC taldeko legebiltzarkideek bileran irakurri dute. "Espainiako Estatuari exijitu behar zaio Nazio Batuen Erakundearen ebazpena betetzeko, eta Jordi Sanchez diputatuaren eskubidea errespetatzeko, Generalitetako presidente izan dadin". Alemaniako espetxetik idatzitako gutunean dio "justizia ekintza" dela Sanchez hautagai izendatzea eta, gainera, Espainia behartzen duela "Europako gainerako herrialdeen moduan jokatzera".

Twitterren eskegi du gutuna osorik.

Hori jakin eta berehala jakin da Jordi Turullek eta Jordi Sanchezek ere gutun bana idatzi dutela. Turullek uko egin dio bere hautagaitzari Torrenti bidalitako gutunean, eta Sanchezek aurkezteko prestasuna azaldu die JxCko kideei.

Sanchezek azaldu du prest dagoela "estrategia kolektibo horretan" parte hartzeko: "Nire inbestidura proposatzea juridikoki justua da, eta politikoki beharrezkoa. Espainiako Estatuak Giza Eskubideen Batzordearen erabakia bete beste aukerarik ez du. Ez egitea eskandalu juridiko erraldoia izango litzateke, eta argi utziko luke aspalditik esaten ari garena: Espainiako Estatuan arerio politikoen eskubideak inpunitatez urratzen direla". Eskertu egin du Turullen eskuzabaltasuna.

Eduard Pujol JxCko legebiltzarkideak prentsaurrekoa eman du osoko bilkuraren ostean, eta jakinarazi du ontzat jo dutela Sanchezen hautagaitza. NBEren babesa kontuan hartuta, "legezko aukera" dutela uste du: "Ea ausartzen den NBEri kontra egin, eta ezetz esaten". Oraingoz, ez dute zehaztu inbestidura saioa noiz izango den.

Puigdemont aske uzteak estrategia horri nola eragingo dion ez dago argi ordu honetan, hala ere. CUPek, adibidez, Puigdemont aske utziko dutela jakin bezain pronto, Puigdemont presidente izendatzeko eskatu du, eta bere botoak eskaini ditu horretarako.

Bestalde, osoko bilkurako puntuetako bat zen Roger Torrentek azalpenak emateko Ciutadansen eskaera. Ordea, proposamena bozkatu, eta bertan behera geratu da. Edozein moduz, legegintzaldi honetan lehen aldiz, Puigdemontek berak ere parte hartu ahal izan du bozketa horretan, Parlamentuko Mahaiak onartutako boto delegaturako eskubidea lehen aldiz baliatuta. Hain zuzen ere, JxCko eledun Elsa Artadik bozkatu du haren eta preso dauden alderdikieen izenean. Gauza bera egin du ERCko Sergi Sabriak, Oriol Junqueras eta Raul Romevaren izenean.

Bi matxinada delitu egotzi dizkiote Traperori

Espainiako Auzitegi Nazionalen dago Josep Lluis Trapero Mossos d´Esquadrako mayor oiharen kontrako auzia —politikariena Gorenean dago—, eta Carmen Lamela epaileak ostegun honetan kaleratu du haren auzipetze autoa. "Matxinada" egitea eta "talde kriminaleko kide izatea" egotzi dio Traperori. Irailaren 20an eta 21ean Kataluniako Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean gertatutakoengatik eta urriaren 1eko erreferendumean izandako jarrerarengatik, bi matxinada delitu egotzi dizkio.

Katalunia Espainiatik banatu eta errepublika izendatzeko helburuz, "talde konplexu eta heterogeneo" bateko kide dira auzipetuak, epailearen arabera. Eta helburu horrekin, mossoak "legez kanpo" erabili zituztela uste du. Pere Soler mossoen zuzendari ohia, eta Cesar Puig Barne Kontseilaritzako idazkari nagusi ohia, eta Teresa Zaplana intendentea ere auzipetu ditu. Apirilaren 16rako deitu ditu guztiak auzipetze autoa jasotzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.