KATALUNIA

Puigdemonti matxinada leporatzea defendatu du Auzitegi Gorenak

Alemaniako Justiziak matxinada egozteko indarkeria nahikorik ez dagoela berretsiko balu, akusazioa aldatu eta sedizio delitua egozteko aukera aipatu du.

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua, joan den apirilaren 7an, Berlinen. OMER MESSINGER, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko apirilaren 17a
16:51
Entzun

Auzitegi Goreneko apelazio aretoak hizpide izan du Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuaren estradizio eskaria, eta hari leporatzen zaion matxinada delitua. Auzitegiak egoki jo du Puigdemonti sedizio delitua leporatzea, Alemaniako Justiziak aukera hori baztertu duen arren. Apelazioa aretoak adierazi du prozesu subiranistaren arduradunek Espainiako Konstituzioak eta Kataluniako autonomia estatutuak aitortzen zizkien "erreminta juridikoak" zituztenez, "testuinguru horretan", indarkeria fisikoaren erabilera "bigarren mailara" igaro zela. "Diseinatu zuten bide orriaren tarte puntualen batean bakarrik zuten ezinbestekoa [indarkeria fisikoa] erabiltzea. Bereziki, independentzia erreferenduma egin ahal izateko".

Aretoko epaileen esanetan, prozesuaren arduradunek "millioika lagun bultzatu zituzten kalera irtetera, legez kanpo bozkatzera". Emaitza "guztiz aurreikusteko modukoa eta ekidinezina" izan zela ziurtatu dute. Gorenak nabarmendu du estatuak 6.000 polizia erabili zituela erreferenduma eragozten saiatzeko, eta bozkatzera joan zen jendetzak gainditu egin zituela. "Polizia kopuru handiago batek parte hartu izan balu, oso litekeena da sarraski bat gertatu izana eta euroaginduaren emaitza oso bestelakoa izatea".

Auzitegiak kritikatu egin du, bestalde, Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak Kataluniako prozesu subiranistako protestak alderatu izana Frankfurteko aireportuaren handitzearen aurkako mobilizazioekin. Gorenak egoki jo du, aldiz, Alemaniako Justiziak aipatzen duen beste egoera hipotetiko bat abiapuntu gisa hartzea: zer gertatuko litzateke Alemanian lander bateko presidenteak Puigdemontek bezala jokatu izan balu? "Lander bateko presidentearen egoera hipotetikoa emankorra izan daiteke, eta, haren azterketan sakonduz gero, oso litekeena da emaitza euroaginduaren onarpena izatea". Auzitegiak ziurtatu du Alemanian Kataluniakoren pareko egoera gertatu izan balitz, auzia ez litzatekeela "kondena sinboliko" batekin itxiko.

Puigdemonti matxinada delitua egozteko Alemaniak aurkeztu dituen kontrako argudioei erantzuteaz gain, estradizio eskaria moldatzeko aukera ere jaso du Auzitegi Gorenak autoan. Gogorarazi du Puigdemont sedizio delituarengatik estraditatzeko eskatzea proposatu duela fiskaltzak, baldin eta Alemaniako Jusitiziak matxinada delituarengatik epaitzeko indarkeria nahikorik ez dela uste badu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.