Katalunia

Sanchezek egunean 18 ordu eman beharko ditu ziegan, zigortuta

Soto del Realeko espetxe zuzendaritzak JxCeko diputatua zigortu du, espetxean audio bat grabatzeagatik Kataluniako azken hauteskunde kanpainarako. Ezin izango du harremanik izan Nuri Guillaumes audioa zabaldu zuen JxCeko zerrendakidearekin, hurrengo sei hilabeteetan.

Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez, Auzitegi Nazionalerako bidean, urriaren 16an, espetxeratuak izan ziren egunean. JUAN CARLOS HIDALGO, EFE
2018ko apirilaren 24a
18:15
Entzun

JxCren hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusian, ezustean parte hartu zuen Jordi Sanchezek. Espetxean grabatutako audio batez bidez nabarmendu zuen Carles Puigdemont JxCko zerrendaburuak hauteskundeak irabaztearen garrantzia, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak "ordaindu eta maneiatu" ezingo zuen bakarra zela iritzita.

Mezu hori espetxean grabatzeagatik zigora ezarri dio gaur Soto del Real kartzelako (Madril) espetxe zuzendaritzak. Sanchezek 18 ordu emango ditu egunean ziega barruan, hilabatez. Horrez gain, ezin izango du inolako harremanik izan grabazioa espetxetik ateratzen eta hauteskundeetan zabaltzen lagundu zion Nuri Guillaumes JxCko zerrendakidearekin, sei hilabetez.

Sanchezek publiko egin du espetxe zuzendaritzak ezarri dion zigorra.

ANCko presidente ohiari Soto del Realeko zuzendaritzak ezarri dizkion neurriak salatu ditu ANCk. Elkarte subiranistak nabarmendu du Carles Puigdemontek ez duela arazorik izan Alemaniako espetxe batean grabatutako mezua zabaltzeko. "Sistema judiziala arerioen mendekurako erabiltzen duen estatua gainbeheran den estatua da", adierazi du.

Puigdemontek ere hizpide izan du Sanchezi ezarri dioten zigorra. Bere "konpromisoa" eskertu dio. Nabarmendu duenez, Sanchezen parte hartzea "erabakigarria" izan da prozesu subiranistarentzako. "Ez da justizia, mendekua da", gaineratu du, eta Paco Ibañezen A galopar kantaren bideoa eskaini dio.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.