Gizartea

Herri boterearen eraikitzaileak

Lurra defendatzeagatik hil zuten Berta Caceres, Hondurasen, 2016ko martxoan. Aurtengo martxoan hil dute Marielle Franco LGTBI kolektiboaren aldeko ekintzaile feminista, Brasilen. Ez dira kasu bakanak.

Edurne Elizondo -

2018ko apirilak 30

Herrialdeotako giza eskubideen defendatzaileak zalantzan jartzen duten boterearen jomugan dira. Nikaraguan, azken egunotan, 25 pertsona hil dira gizarte segurantzaren erreformaren aurkako protestetan. “Lotsagarria da bakeaz eta batasunaz hitz egiten duen gobernu batek erraten duenaren aurkakoa egitea, hain justu. Sandinismoa ez da jada 1980ko hamarkadan izan zena. Nazio Askapenerako Fronte Sandinistaren ingurukoak dira gure herriko oraingo aberatsak”.

Evelyn Floresenak dira hitzak. Nikaraguako giza eskubideen defendatzailea da, Giza Eskubideen Defendatzaileen Erdialdeko Amerikako Ekinbideko kidea. Zehazki, emakumeen giza eskubideen alde egiten du lan sorterrian. Iruñean izan da, Mexikoko Sandra Lorea eta Kolonbiako Alexandra Bermudez ekintzaileekin, herrion errealitatearen berri zabaltzen. Chiapasen aritzen da Lorea, indarkeria matxista sufritu duten emakumeekin; Bermudezek, berriz, lurraren eta ingurumenaren aldeko lana egin du Kolonbian. Sorterritik kanpora eraman du konpromiso horrek, hain zuzen ere. “Etxean sartzen hasi ziren; gu jarraitzen, alabaren haur eskolako argazkiak egiten, mehatxatzen. Nik ez nuen alde egin nahi, argi nuelako egiten nuena bidezkoa zela, baina inguruko guztiek eskatu zidaten herritik ateratzeko, geldituz gero hilko nindutelako. Gogorra izan zen. Nik ez nuen joan nahi. Estatua nuen atzetik, ordea”.

Kosta egiten zaio egoerak eragin dion amorrua eta tristura bazter uztea Bermudezi. Errioxara (Espainia) joan zen Kolonbiatik lehendabizikoz atera zenean. Herrira itzuli zen 2016ko urrian, urtebete kanpoan egon eta gero. “Egoerak hobera eginen zuela uste nuen, baina ez zen horrelakorik gertatu. Gure kontrako jazarpena ez zen eten”. Berriz alde egin behar izan zuten, eta Nafarroan bizi da orain familia.

Hemendik lanean jarraitzeko gogoz da Bermudez, halere. Floresekin eta Lorearekin egindako mahai ingurua baliatu du horretarako. Batetik, hemen bizi direnei argi erran die hegoaldeko herrietan gertatzen denaren ardura zati bat dutela. “Ezin dugu ahaztu iparraldeko herrien bizitzeko moduari eusteko hegoaldeko herriak suntsitzen dituztela, beren baliabideak ateratzeko. Baliabide horiek iparraldeko herrientzako salgai bilakatzen dira, eta miseria, pobrezia eta indarkeria baino ez dute uzten hegoaldean”. Bertzetik, hemen bizi direnei eskatu die sala dezatela Kolonbian, Mexikon, Nikaraguan eta bertze hainbat herritan gertatzen dena; sufritzen duten zigorgabetasuna eta egiturazko indarkeria.

Hainbat datu jarri nahi izan ditu Bermudezek mahai gainean bere herriaren egunerokoa azaltzeko: 7,3 milioi pertsona mugitu direla herriko toki batetik bertzera, adibidez, gatazka armatuak iraun duen 50 urteetan. 2016ko azaroan, bake akordioa sinatu zuten Kolonbiako Gobernuak eta FARCek. Erreferenduma egin zuten, herritarrek hitzartutakoa berresteko, baina ezezkoa nagusitu zen. “Geroztik, Habanako akordioan jasotako neurri anitz bazter gelditu dira, bertzeak bertze, nekazariek lurrak berreskuratzeko bidea zabaltzen zutenak”.

Akordioa sinatu zenetik, giza eskubideen defentsan ari ziren 317 pertsona hil dituzte Kolonbian. “Nire kideak ziren”, erran du Bermudezek, saminez. “Giza eskubideen defendatzaileentzat Honduras da herririk arriskutsuena, eta Kolonbia bigarrena; munduko hilketen %30 nire herrian gertatzen dira”. Une honetan 15.000 preso politiko badirela erantsi du giza eskubideen aldeko ekintzaileak.

Lurraren eta ingurumenaren defentsarekin lotutako borrokak daude boterearen jomugan, Bermudezek salatu duenez. Kanpotik baliabideak eramatera ailegatzen diren enpresen jarduera ongi ezagutzen dute Nikaraguan ere. “2014an herriko konstituzioa aldatu zuten, legez ahalbidetzeko Txinako enpresa batek ozeano arteko kanal bat eraikitzea”, erran du Evelyn Floresek. “Legez onartu da enpresa horrek zerga bakar bat ere ez ordaintzea ehun urtez”, salatu du. Kanalak zeharkatuko lituzkeen lurrak suntsituko lituzkeela nabarmendu du.

Sandinistek 1990ean galdu zuten boterea, Nikaraguan, baina 2007tik gobernuan dira berriz. “2011ko eta 2016ko hauteskundeetan iruzur egin zuten”, salatu du Floresek. “Gora egin dute, nabarmen, desoreka ekonomiko eta sozialek, bai eta generoarekin lotutakoek ere. Herritar anitzek ez dute bizitza duin bat izateko baliabide nahikorik”.

Baztertuen aldeko jarrera hartu du Floresek, argi eta garbi. Bereziki, emakumeen alde. Herritarrak deitu ditu giza eskubideen defendatzaile bilakatzera. “Nire nortasunaren parte da defendatzailea izatea”, azaldu du. Erantsi du ez dela gauza bera giza eskubideen gizon edo emakume defendatzaile bat izatea: “Gizonek sufritzen ez dituzten indarkeria mota batzuk sufritzen ditugu emakumeok”.

Erreportajea osorik, Nafarroako Hitza-n.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna