Albistea entzun

Bukaera sortzen

Txatalak Mary Shelleyrentzat

Irakaslea da ogibidez Jose Luis Otamendi (Azpeitia, Gipuzkoa, 1959). Literaturaren alorrean, poesia landu du beste ezeren gainetik: Egunsenti biluzia (1980), Zainetan murrailak (1987), Lur bat zure minari (1995), Erlojuen mekanika (2007), Kapital publikoa (2014)... Narrazioa (Euri kontuak, 1999) eta saiakera ere (Loiolarik ez balitz, 2005) landu ditu.

Txatalak Mary Shelleyrentzat
Txatalak Mary Shelleyrentzat

Jose Luis Otamendi -

2018ko maiatzak 10

ETAren amaiera abiapuntu gisa hartuta, hainbat kulturgileri obra bat sortzeko eskatu die BERRIAk. Jose Luis Otamendiren poema da hau:

-I-
agiri bat zor nizun
aspaldi behar zuena
baina gaur dakarkizut:
badakit osatu gabe dagoena
hor behar baitute askok
oraino jazo ez direnak

agiri bat zor nizun
ez izartegia
promesa ederren brumatan
ez bortuetan arranoak
hilezin izateko eskolan …
ez dakit inoiz izan denik baina
jada ez dagoela dirudi
denontzako etxe bat

jarriko gara
ohiturik gaude
estetika liriko batez
lotuko gatzaizkio berriz
herri honen bilatze antolatuan:
agonia ezti batean laketu
jendea gara …

erlaro mintsu bat pausatu da
konpontzerik ez dago dena …
agian egun txikien segida
eramangarri bat
posible izango zen
baina ez ginen aski indar batzeko gai izan
edo ez genuen jakin …

inori erauzi gorputz atalekin
egina dago sasoi hau
hala moduz
piezak falta dituela …
erdi osatuan da nire nazioa

-II-
hitzorduak berritu
eta maite duguna zer den
zer libre izatea gaur
nazio bat osatzeko
aski diren gorputz bi
eta grina suhar bat
nahi nieke atera
nonahiko ereserki  
eta banderei

bestek egindako mundu batera
erori ginela deklaratzeko aholkua
serio hartu izan dut:
nor ez da hazi baina
haurtzaro ukatu batekin nolabait
erdi jandako jendarte batean
hizkera esklabo bat ahoan

nork ez du atsegin
zaputz erreen ilintietatik jaiki
bortuetara igan
eta lurraren arrasean etsi partez
arranoen hegaldia miratzea

hemen  gorputz asko
arima anitz
txatalka apurtu da
kiskali
hautsi:
handiegien ispiluetan galdu ginen
eta han ez da sute irteerarik …
bidegabez
adorez
dolorez
bandera eta ereserki bana
ordaindua dukegu guk ere
munduko beste askok legez

-III-
erdizka egindako
mundu batera jaio bide ginen
erdi egina zegoelako
geuri zegokigulakoan
beste erdia osatzea …
baina izan ginen gutxiegi
edo ez aski trebe
eta hatz mamiekin ukitutako
aukera haiek
bulkada liriko bat edo bitan hustu ziren

euskalduna askatuko da agian
osmosi hutsez
geu baino zapalduagoak jagoten
gidari edo mugazain …
agian kapitalak ezarri
inonez unibertsalean
gutasun urtsu batez …

zaila behar du
han-hemen bildutako gorputz atalak
hitzak lurra pentsamenduak
premiak desioak gosea …
jendearen  gogo-gorputzen neurrira ekarri
eta  ematea bakoitzari toki duin bat

jada ezin da egin
inor zauritu aurretiko garaira

-IV-
agiri bat zor nizun
agiri bat azaltzeko
historiaren aihenetan trabaturik
baina oraindik bagarela

agiri bat zor nion nire buruari
agiri bat gaurko sasoiari
ataletan emana
geu bezala
zatiturik:
gogoa da
gorputza
eskain dezakegun
hondarreko  komunikatua …
haren puskak
haren zainak
itsustutako historia bat

ahaztu antzean dut
nola jaio ginen mundura
non jarri gintuzten
negar haien istil eta musikak
beharbada orduan ikasi genuen
gorputz soil ez ezik izan baginela
jendarte zaurgarri
leherkor
arriskuz betea …

erlaro mintsu bat
eta jada ezin da
inor zauritu aurretiko garaira
baina agian bai
egun txikien segida
eramangarri bat …

agiri bat zor nizun
osatu gabea
-hor behar baitute
oraino jazo ez direnak-
biluzik
libreki emana
zeharo adostu ezineko agiria
piezak falta dituena …

geure gorputz atalekin
josi nahiko nuke oraina …

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Aurtengo Durangoko Azokak argitu dezakeen argazkia

Itziar Ugarte Irizar

Digitalizazioaren aroak galdera ikur handiak ezarri ditu musikagintzaren sektorean. Nabarmen aldatu da musika banatzeko era, eta Durangoko Azokan ere gero eta begi-bistakoagoa da hori. Eredu bat agortzear sumatu arren, formatu fisikoaren aldeko jarrerari eusten diote gehienek.
Mona Hatoum artistaren <em>Still Life</em> instalazioa, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU
Karmele Mitxelena eta Iñaki Cid Larrea, beren lan argitaratu berriak eskuetan, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Karmele Mitxelenaren eta Iñaki Ciden lanak argitaratu dituzte

Itziar Ugarte Irizar

'Haragizko mamuak' du izenburu Mitxelenaren lehen narrazio liburuak, eta 'Behin batean Loiolan' antzerkiaren alorreko Ciden lanak. Donostia Hiriko Kutxa Literatura sariak irabazi dituzte biek, eta Elkarrek eman ditu lanok argitara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.