Artea

Txinako arte garaikidea erakutsiko du Guggenheimek

Txinatik kanpo Txinako arte esperimentalari inoiz eskainitako erakusketarik handiena hartuko du Bilboko museoak udan. Kexak ere egon dira sarean, bildumako pieza batzuek animali biziak erabiltzen dituztelako

Bilboko Gugenheim museoan Txinako arari eskaini dioten erakusketako irudi bat. FOKU
Inigo Astiz
2018ko maiatzaren 10a
14:24
Entzun

"Artearen historia global berri bat proposatzen saiatzen ari gara”. Alexandra Munroe komisarioaren esaldiak argi uzten du zer nolako anbizioz jokatu nahi izan duen Bilboko Guggenheim museoak Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia erakusketa antolatzerakoan. 1989tik 2008raino doan denbora tartea hartzen du bildumak, eta Txinako 60 artista eta talderen 120 lan baino gehiago bildu dituzte, guztira. Museoko arduradunek ziurtatu dutenez, Txinatik kanpo herrialde horretako arte esperimentali sekula eskaini zaion erakusketarik handiena da museoak zabaldu duena, eta irailaren 23ra arte egongo da zabalik.

Denbora tarte horren hautaketa ez da debaldekoa. Eta komisarioak azaldu du zergatik. Hain zuzen ere, urte hori baita Gerra Hotzaren amaiera, globalizazioaren hasiera eta Txina munduko potentzia izaterainoko goraldiaren hasiera markatzen dituen urtea, eta horregatik hautatu dituzte une horretatik aurrerako lanak. Zehazki, urte horretan izan ziren Tiananmen plazako protestak, eta 2008ra arteko epea hartzen du kontuan erakusketak; Pekingo Olinpiar Jokoak egin zituztenera arte, alegia. Munroeren hitzetan, artistak, aldi berean, izan dira herrialdearen prozesu horren "behatzaile kritiko" eta goraldi ekonomikoaren "eragile".

Polemika, animaliengatik

Bigarren solairu osoa hartzen du erakusketak, eta sei atal tematiko eta kronologikotan banatu dute ibilbidea. Eta ibilbide horretan etengabe gurutzatzen dira arteari buruzko gogoetak ekonomia eta politikari buruzkoekin. Eta, tartean, badira Txinako arte garaikidean mugarri izan diren artelan batzuk ere. Hori da, adibidez, Huang Yong Ping artistaren kasua. Eta haren pieza bat da, gainera, erakusketa osoari izenburua jartzeko hautatu dutena. Polemika ere eragin du, ordea, animalia biziak erabiltzen dituelako.

Erakusketa ixteko eskaria egin dute animalien eskubideen aldeko taldeek sarean, eta 50.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte jadanik. Artelan batzuetan animaliek tratu txarrak jasaten dituztela salatu dute, eta, hain zuzen ere, erakusketari izenburua ematen dion Munduaren antzerkia eta Zubia piezak dira aipatu dituztenetako batzuk. Sugeak, dortokak, muskerrak eta matxinsalto espezie sorta bat biltzen dituen dortoka eta suge itxurako kaiola banak osatzen du pieza bikotea. Genesiaren txinatar mitologiari egiten diete erreferentzia animalia horiek, artistak darabilen iruditerian.

Xu Bing artistaren pieza bat ere kritikatu dute sareetan. jendetza baten erdian, larrua ingelesezko eta txinerazko esaldiz beteta duen aketz batek zerri eme bat estaltzen du. Transferentzia kasu bat deitzen da pieza, eta 1994an antolatu zuen ekintza baten bideoa biltzen du.

Museoak ukatu egin ditu akusazioak

Juan Ignacio Bidartek ziurtatu du animalia horiek ez dutela tratu txarrik jasaten, eta haien zaintza helburu duen talde bat duela museoak. Dioenez, artelanak artistek aurreikusi bezala erakustea da museoaren egitekoa, eta adierazpen askatasunaren parte ikusten du hori. “Legeak zehazten dituen mugen barruan” ari direla ere, zehaztu du.

Lehenagotik dator soka. Bilbon egon aurretik, New Yorkeko Guggenheim museoan egon zen Txinako arteari buruzko erakusketa, eta polemika piztu zen han ere. Munroe komisarioak antolatu zuen erakusketa hura ere, eta protestan zirenei artelanaren testuingurua ulertu nahi ez izana aurpegiratu die. Munroek azaldu duenez, protestak egon arren erakusketari eustea erabaki zuten orduan, eta erabaki horren defentsa egin du Bilbon ere. “Auto-zentsura praktikatu izango genukeen komisariook hori egin izan bagenu”.

Bilbotik pasa ostean, Californiako San Franciscoko Arte Garaikideko Museora eramango dute erakusketa. Komisario nagusiarekin batera, Pekingo Arte Garaikideko museoaren zuzendariak eta Erromako Maxxi museoko Hou Hanru komisarioek ere hartu dute parte erakusketaren antolaketa lanetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.