Merkataritza

Australiarekin eta Zeelanda Berriarekin merkataritza itunak negoziatuko ditu EBk

Bruselak ez du uste libratuko denik AEBen altzairuaren eta aluminioaren gaineko muga zergez.

Malcolm Turnbull Australiako lehen ministroa eta Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea, joan den apirilean egin zuten bilera aurreko agerraldian. FRANCOIS WALSCHAERTS, EFE
Iker Aranburu.
2018ko maiatzaren 22a
14:41
Entzun

Donald Trumpek AEBetatik bultzatu duen merkataritza politika protekzionistari kontrako estrategiarekin erantzuten ari da Europako Batasuna. Merkataritza liberalizatzeko itunak sinatu ditu Kanada, Japonia, Singapur, Vietnam eta Mexikorekin, eta orain Ozeaniara zabaldu nahi du zerrenda. Australiarekin eta Zeelanda Berriarekin negoziazio formalak hastea onartu du gaur. "Akordioak gardentasun osoarekin negoziatuko dira, eta espero dugu estatukideek defendatuko dutela gardentasun maila handi hori", adierazi du Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak.

"Berri ona da […] Dagoeneko gertu gaude baloreetan, eta gure ikuspuntu irekian eta globalean. Elkarrekin, guztiok irabazteko itunak negoziatuko ditugu, geure negozioentzat aukera berriak zabalduko ditugu, aldi berean babestuta garapen jasangarrian ditugun estandar handiak", ziurtatu du Cecilia Malmstrom EBko Merkataritza komisarioak. Ekainean joango da Canberrara (Australia) eta Wellingtonera (Zeelanda Berria), negoziazioak ofizialki hastera.

Komisarioak gogoratu duenez, bi herrialdeak urrun egon arren Kanadarekin eta Mexikorekin halako merkataritza harremana du EBk haiekin. Gainera, Ozeaniako bi herrialde garrantzitsuenen bidez espero du EBk sarbidea izatea TPP Pazifikoko merkataritza itun berritua sinatu duten beste herrialdeetara.

AEBekin, negoziazioak gaizki doaz

Baina EBren arazoa da Pazifikoan irabaz dezakeenak ziur aski ez diola konpentsatuko Atlantikoan gal dezakeena. Izan ere, Malmstromek berak onartu du gauzak ez doazela ongi AEBekin altzairuaren eta aluminioaren gaineko muga zergen harira hasitako negoziazioetan. Maiatzaren hasieran, beste hilabete batez luzatu zuen Trumpek EBren inportazioak arantzelez salbuesteko agindua, baina azken aldia izango zela esan zuen. "Ez dut uste salbuespena luzatuko dutenik", onartu du Merkataritza komisarioak. Hainbat aldiz hitz egin du Wilbur Ross AEBetako Merkataritza idazkariarekin, eta hark uste du EBren negoziaziorako eskaintza ez dela nahikoa.

Horrek eragingo luke EBko enpresek AEBetan saltzen duten altzairuak %25eko muga zerga ordaindu beharko duela, eta %10ekoa, berriz, aluminioak. Europako Batasunak AEBetako hainbat produktu ikonikoren gaineko muga zergekin erantzuteko asmoa du. Besteak beste, Harley Davidson motorren eta bourbon whiskiaren inportazioak zergapetuko ditu Bruselak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.