Euskal Herria Zuzenean

Ekitaldiz beteriko jaialdia egingo du EHZk, "trantsizio urtean"

Aurtengoa "trantsizio urtea" du Euskal Herria Zuzenean elkarteak. Norabide berria hartu, eta hurrengo ikasturterako prest izan nahi du proiektu berria. Hala ere, jaialdia egin egingo dute aurten, ezohiko formatuan. 'EHZ Nomada' izena izango du.

2018ko maiatzaren 30a
14:03
Entzun 00:00:0000:00:00

Bere egiturari eta funtzioei buruz birpentsatzeko asmoz, "trantsizio urtea" izango da aurtengoa Euskal Herria Zuzenean elkartearentzat. Hiru fasetan banatu dute hausnarketa prozesua, eta jaialdiaren forma berria diseinatzen ari dira une honetan. Hala ere, aurten jaialdia egin egingo dute, orain artekoarekin alderatuta oso bestelako formatu batean. Ekainaren 29an, 30ean eta uztailaren 1ean izango da jaialdia. Lehen egunean Baigorrin (Nafarroa Beherea) elkartuko dira, bigarrengoan Baionan, eta hirugarrengoan Itsasun (Lapurdi). Hiru egunetan hiru herri zapalduko ditu EHZk, eta formatu berri horretara egokitu dute aurtengo izena. EHZ Nomada izango da.

Egitarau oparoa osatu dute hiru egunetarako, eta gaur aurkeztu dute, Baionan. Ekainaren 29an, Baigorrin, Huts Teatroaren Hozkailua antzerkia eta Kukai dantza taldearen ikuskizuna izango dira. Hurrengo egunean, musika eskaintza zabala izango da, Baionan. Pelax, Lumi eta Yassassin taldeak oholtzaratuko dira, besteak beste. Horrez gain, erakusketez, kale animazioaz eta beste zenbait ekitaldiz gozatu ahalko da. Azken egunean, uztailaren 1ean, Itsasun antzerkia, dantza ikuskizunak eta haurrentzako ekitaldiak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.