Makroekonomia

EBko krisiaren aurkako funtsa, inbertsiora mugatuta

Bruselak aurkeztu egin ditu diru eta ekonomia batasuna aurrekontuan indartzeko tresna berriak. 30.000 milioi jarri nahi ditu krisiak astintzen dituen herrialdeei kreditu bigunak emateko, eta beste 25.000 milioi erreformak sustatzeko.

Pierre Moscovici EBko Ekonomia eta Finantza komisarioa, joan den astean egindako agerraldi batean.
Pierre Moscovici EBko Ekonomia eta Finantza komisarioa, joan den astean egindako agerraldi batean. STEPHANIE LECOCQ / EFE

Ivan Santamaria -

2018ko maiatzak 31

Europako Batasunaren eta eurogunearen etorkizunari buruzko eztabaida politikoaren erdian, bi finantzaketa tresna berri indarrean jartzea da Europako Batzordeak estatu kideei eskatuko diena. Eurogunerako aurrekontu esanguratsu baterako "gogorik" ez dagoela onartu du Pierre Moscovici Ekonomia eta Finantza komisarioak, eta, horren ordez, baldintzapeko mailegu sistema bat proposatu dute, krisiak daudenerako.

Inbertsioak egonkortzeko helburua izango luke funts berriak. Hau da, krisi batek herrialde bat edo herrialde talde bat astintzen duenean, gobernu horiek inbertsio mailari eusteko balioko luke. Horretarako bakarrik. Hau da, dirua ezingo litzateke erabili beste edozein programa sozial edo ekonomiko ordaintzeko. Moscovicik erabakia justifikatu du, estatu kide batzuetatik beste batzuetara diru transferentzia iraunkorrak egitea erabat errefusatu dutelako gobernuek. Hala ere, funtsa eratzea urrats garrantzitsua litzateke, haren ustez: "Lehen elkartasun tresna litzateke EBko aurrekontuan".

Laguntza jasotzeko, baldintza zehatzak bete beharko dituzte gobernuek. Azken hamabost urteotako langabezia batez bestekoa gainditzea eta aurreko urtean baino %1 langabe gehiago izatea hartuko da kontuan. Mailegu bigunen bidez bideratuko dira laguntzak, eta horien interesak estaltzeko bermeak egongo dira. Hori bai, dirua eskuratu ahal izateko, aurreko bi urteetan EBko finantza eta egonkortasun arauak beteta eduki beharko dituzte herrialdeek.

Inbertsioak egonkortzeko tresnaren ondoan, beste bat eskura jarriko zaie gobernuei. Kasu horretan, erreformak aurrera eramatearen trukeko ordainak izango dira. 25.000 milioi izango lituzke finantzaketa ildo horrek hurrengo aurrekontuan. 

Europako Batzordeak urtero estatu kideei gomendatzen dizkien egiturazko erreformak bururaino eramatea erraztu nahi du eskaintzak. Dirua jasotzeko, hiru urterako plana adostu beharko luke gobernuak Bruselarekin. Dirua soilik programa amaitzerakoan eskuratuko luke, ordainketa bakar batean, hitzartutako baldintza guztiak dituela egiaztatu ondoren.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna