Europako Batasunaren eta eurogunearen etorkizunari buruzko eztabaida politikoaren erdian, bi finantzaketa tresna berri indarrean jartzea da Europako Batzordeak estatu kideei eskatuko diena. Eurogunerako aurrekontu esanguratsu baterako "gogorik" ez dagoela onartu du Pierre Moscovici Ekonomia eta Finantza komisarioak, eta, horren ordez, baldintzapeko mailegu sistema bat proposatu dute, krisiak daudenerako.
Inbertsioak egonkortzeko helburua izango luke funts berriak. Hau da, krisi batek herrialde bat edo herrialde talde bat astintzen duenean, gobernu horiek inbertsio mailari eusteko balioko luke. Horretarako bakarrik. Hau da, dirua ezingo litzateke erabili beste edozein programa sozial edo ekonomiko ordaintzeko. Moscovicik erabakia justifikatu du, estatu kide batzuetatik beste batzuetara diru transferentzia iraunkorrak egitea erabat errefusatu dutelako gobernuek. Hala ere, funtsa eratzea urrats garrantzitsua litzateke, haren ustez: "Lehen elkartasun tresna litzateke EBko aurrekontuan".
Laguntza jasotzeko, baldintza zehatzak bete beharko dituzte gobernuek. Azken hamabost urteotako langabezia batez bestekoa gainditzea eta aurreko urtean baino %1 langabe gehiago izatea hartuko da kontuan. Mailegu bigunen bidez bideratuko dira laguntzak, eta horien interesak estaltzeko bermeak egongo dira. Hori bai, dirua eskuratu ahal izateko, aurreko bi urteetan EBko finantza eta egonkortasun arauak beteta eduki beharko dituzte herrialdeek.
Inbertsioak egonkortzeko tresnaren ondoan, beste bat eskura jarriko zaie gobernuei. Kasu horretan, erreformak aurrera eramatearen trukeko ordainak izango dira. 25.000 milioi izango lituzke finantzaketa ildo horrek hurrengo aurrekontuan.
Europako Batzordeak urtero estatu kideei gomendatzen dizkien egiturazko erreformak bururaino eramatea erraztu nahi du eskaintzak. Dirua jasotzeko, hiru urterako plana adostu beharko luke gobernuak Bruselarekin. Dirua soilik programa amaitzerakoan eskuratuko luke, ordainketa bakar batean, hitzartutako baldintza guztiak dituela egiaztatu ondoren.