Euriteak

Ekaitzak uholdeak eragin ditu Aiaraldean, Durangaldean eta Debagoienean

2018ko ekainaren 4a
13:06
Entzun

Euriteen ondorioz, hainbat ibaik gainezka egin dute Aiaraldean, Durangaldean eta Debagoienean. Uholdeek trafiko eragozpenak sortu dituzte. Gipuzkoan, itxi egin behar izan dute GI-632 errepidea Antzuola eta Bergara artean. Lehenengoan 75 litro ur pilatu ziren ordubete baino gutxiagoan. Hona Antzuolan uholdeek utzitako irudi batzuk:

Antzuolan, Torresoroa eraikina izan da kalte gehien jasan duena; udal liburutegia, osasun etxea eta aretoa daude han. Urak haurren liburutegiko kristaletako bat hautsi eta barruko liburu eta paperak hondatu ditu. Eraikineko ate nagusia apurtu behar izan dute ura eta bestelako hondakinak kanporatzeko. Herritarrak eurak aritu dira garbiketa lanetan. Beñardo Kortabarria alkateak adierazi du errepideko lanek ere izan dutela eraginik gertatutakoan: "Lur asko mugitu dute, eta halakoak ez dituzte kontuan hartu. Urak bere bidea egin du".

Horrez gain, euriteek eragindako luizi baten eraginez, itxita egon da N-636 errepidea, Elorrio parean (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak arretaz gidatzeko eskatu du, errepideetan sortu diren ur putzuengatik.

Ekaitzak uholdeak eragin ditu Aiaraldeko hainbat herritan ere. Orozkon (Bizkaia), Aiaran, Amurrion eta Laudion (Araba) gainezka egin du ibaiak. Amurrion metro koadroko 50 litro bota ditu, horietatik 48 litro ordu bakarrean. Tenperatura bera ere hamar gradu jaitsi zen ordubetean. Orozkon litro gutxiago egin zituen arren —30 litro ordu erdian—, oso tarte gutxian horrenbeste ur pilatu izanak arazoak eragin zituen bai autoentzat eta baita oinezkoentzat ere.

Durangaldean (Bizkaia), uholdeak izan dira Atxondon eta Abadiñon. Atxondon, ura sartu zen hainbat etxe eta garajetan. David Cobos alkateak azaldu duenez, urak kalteak eragin ditu eskolan, udalean eta igerilekuetan ere. Euskalmetek abisu horia ezarri zuen 12:00etatik 21:00ak bitartean, baina euri gehien 16:00ak eta 18:00ak artean bota zuen herri gehienetan.

[youtube]https://youtu.be/DpzdztM3fk8[/youtube]

Uholdeek hainbat etxebizitza eta lokaletan kalteak eragin dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.