EUSKARA

Euskal hiztunentzako "gune babestuak" eta kontratazio politika berriak eskatu ditu Behatokiak

Herritarren kexak jaso dituzte "Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2017an" txostenean.

Behatokiko Edurne Arrizibita eta Arantza Haranburu, txostenaren aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2018ko ekainaren 5a
08:17
Entzun

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urteko txostenaren aurkezpena egin du gaur Iruñean. Arantza Haranburuk eta Edurne Arrizibitak eman dute Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2017an lanaren berri. Euskaldun hiztunentzat "eroso sentitzeko guneak" sortu beharra aldarrikatu dute, euskaraz osoki bizitzeko bidean emateko urrats gisa. Iaz, administrazioetan kontratazio politiketan erroko aldaketa eskatu zuen Behatokiak eta horri segida emateko beharra nabarmendu dute aurten ere.

Herritarrek Euskararen Telefonoaren bitartez eta Akuilari aplikazioaren bitartez Behatokiari helarazten dizkioten bizipenekin osatu dute txostena. “Euskaraz bizi nahi duten herritarren bizipenak dira hizkuntza-eskubideen egoeraren neurgailurik egokiena”, azaldu du Haranburuk. “Urtez urte errepikatzen ari garena errepikatu beharrean gaude baita gaur ere.  Euskal Herriko eremu administratibo guztietako zerbitzu publikoetan zein pribatuetan, nahiz kontsumitzaile moduan, idatziz nahiz ahoz, hutsune handiak aurkitu dituzte 2017. urtean euskaraz bizi nahi duten herritarrek”.

Hona hemen Behatokiak aurtengo txostenean jasotako salaketa batzuk:

“Zerbitzari batek aipatu digu euskarazko zerbitzua eskatu dugula eta, nahi bagenuen ingelesez arreta egiten ahal zigutela. Ez du modu txarrean esan, baina mindu nau. Aipatu diot euskara bertakoa dela eta ingelesa ez; konparaketa eskasa egin duela.”

“Semearen ospitaleratzeak iraun duen 6 egunetan (abenduaren 13tik 19ra), langile bakarrak artatu gaitu euskaraz. Gainerako guztiek gaztelaniaz jardun dute… Semeak euskaraz baino ez dakienez, ezin izaten zien ulertu esandakoa horrek sortzen duen ezinegonarekin.”

“Bizkaiko Probintzia Auzitegian epaiketa azkar batean lekuko gisa deklaratzera deituta nengoen gaur … Nire txanda iritsi denean euskaraz deklaratu nahi dudala jakinarazi dut, eta epaileak aretotik ateratzeko agindu dit itzultzailea etorri bitartean. 15 minutura iritsi da itzultzailea, baina ordurako epaileak beste epaiketa bati ekin dio. Hori aski ez, eta bigarren epaiketa bat ere sartu du tartean, itzultzailea bertan zen arren. Bi ordu egon behar izan dut zain deklaratzera sartu aurretik. Nire txanda iritsi denean protesta azaldu dut atzerapenagatik, eta kontuak alde batera utzi eta bere galderei erantzuteko agindu dit zakar. Oso jarrera despota eta erasokorra izan du nirekin. Nik euskaraz deklaratu nahi izatea ez zaiola gustatu iruditu zait. Euskaraz egiterik nahi ez bazuen, esan besterik ez zuen. Ez da bidezkoa euskaraz hitz egin nahi izateagatik horrelako tratu zakarra jasotzea”.

Iazko txostenaren aurkezpenean, langile publikoen kontratazio irizpideak aldatu beharra jarri zuen mahai gainean Behatokiak. "Puntu beltz" gisa markatu zuten alor hori, eta ildo beretik doa aurtengoa ere. “Administrazioek ezin dute herritar guztien aukera berdintasuna bermatu, artatzen duen langileak ez badaki administratuak hautatutako hizkuntza”. Egoera "kroniko" bihurtzen ari da Behatokiaren ustez eta bestelako hizkuntza-politikak egiteko beharra mahai gainean jarri du, hizkuntza-eskubideak erdigunean jarriko dituztenak.

Euskararen lege berri bat Nafarroan

Nafarroako egoerari bereziki erreparatu diote Iruñeko aurkezpenean. “Nafarroako herritarren aldetik jasotako kexetatik askok agerian utzi dute Euskararen Lege berria behar dela. Zonifikazioak herritarren desberdinkeria sortzen du eta hori gainditu beharra dago. Gainera, hainbat kexa hartzailek lege urraketarik ez egitea argudiatzen dute, egungo legediari erreparatuz”, esan du Arrizibitak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.