175.000tik gora lagun inoizko mobilizaziorik jendetsuenean

Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramaileak esan du arrakastatsua eta ezinbestekoa izan dela giza katea.

Giza katea, Bilboko Nafarroa kalean. JAVIER ZORRILLA, EFE
jon ordonez garmendia
2018ko ekainaren 10a
19:16
Entzun

Angel Oiarbide pozik agertu da hedabideen aurrera. 12:30ean amaitu da giza katea, eta, ordubete geroago, Gure Esku Dago-ren eledunak zorionak eman dizkio Euskal Herriari. "Bidea luzea da, ez dago esprintik. Batzuetan gehiago eman behar da, eta iruditzen zitzaigun momentu hau zela horietako bat. Egun handi bat izan da hau, 2014koa izan zen bezala", esan du Gure Esku Dago-ren eledunak, eta Gure Esku Dago-ren mugarriak gogoratu ditu.

"Ez dago porrotik. Porrot handiena ezer ez egitea da; ikusle izatea, eta ez protagonista". Gure Esku Dago-k jakinarazi du egun bakar batean jende gehien mobilizatu duten eguna izan dela. 201,9 kilometro zituen giza kateak, eta 175.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dutela esan du.

"Hor egon garenak sentitu dugu zer egiteko gai izan gaitezkeen elkarrekin arituz gero. Gaurkoa ensegu txiki bat izan da, baina ezinbestekoa etorkizunari aurre egiteko. Herri bezala duintasunez aurrera egiteko ezinbestekoa izan da. Baina hau ez da hemen bukatzen. Etorkizuna dugu irabazteko, eta elkarrekin pausoak ematera deitzen ditugu herritarrak".

Datu horiekin duela lau urte Durangotik Iruñera egin zen giza katearenak gainditzen dituzte. Izan ere, Gure Esku Dago-ren arabera, 150.000 herritarrek osatu zuten orduko horretan giza kate hori. 123 kilometro bete zituzten parte hartu zuten herritarrek, eta boluntarioak 3.000 izan ziren.

Donostia, Bilbo eta Gasteiz arteko giza katean, berriz, 25.000 herritarrek baino gehiagok hartu dute parte, eta kilometroak ere 79 gehiago izan dira. Boluntario kopuruari dagokionez, Gure Esku Dago-k esan zuen 5.000 izango zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.