Osakidetza

Darponen kargugabetzea eskatu du ELAk

Sindikatuak uste du Jaurlaritzako Osasun sailburuak ez duela behar bezala jokatu lan eskaintza publikoko azterketa batzuetan egon diren filtrazioen ondoren.

jarraia153216.jpg
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko ekainaren 12a
13:13
Entzun

"Ez dugu Jon Darponen dimisioa eskatuko. Iñigo Urkulluk izendatu zuen Osasun sailburu eta lehendakariak berak kargugabetzea nahi dugu, auzian duen erantzukizuna bere eginez". ELA sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradun Pello Igeregik salatu du eurek aspaldi ohartarazi zutela sailburua: "Osakidetzako zerbitzuburuek lobby bat osatu dutela esan genion, baina bestaldera begiratu zuen". Horregatik uste du Osasun Sailak bere jokabidearekin nahi dutena egiten uzten diela.  "Norbaitek uste al du epaimahaietako kideek horrela jokatu dutela jakingo ez balute Osakidetzak ez duela euren aurka joko?". Igeregiren esanetan, Iñaki Azkuna zena Osasun sailburu zen garaietatik salatu du ELAk zerbitzuburuen ustelkeria. 

Horrez gainera, Osakidetzako lan baldintzak ere salatu dituzte. Esther Saavedra sindikatuko Osakidetzako arduradunak gogora ekarri ditu azken aldian agertu dituzten hainbat kexa: "Gaixo egoteagatik zigortzen dira langileak. Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala %25ekoa da. Lan kargak etengabe handitzen dira. Zerbitzuak pribatizatzen dira". Horri buelta emateko eskatu dio ELAk Osakidetzari. Murrizketen aurreko egoerara itzuli behar dela uste du sindikatuak. Euren aldarrikapenak babesten dituzten 4.000 sinadura batu dituzte eta Osakidetzari eman dizkiote.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.