Euskal presoak

Sakabanaketa politikak amaitzeko eskatu du legebiltzarrak

PPk ez beste alderdi guztiek babestu dute EH Bilduren proposamena. EAJk eta PSE-EEk testuari aurkeztutako emendakinak zehazten du beharrezkoa dela "eragindako mina aitortzea", elkarbizitzan aurrera egingo bada.

Bora Semper eta Alfonso Alonso popularrak Legebiltzarrean, artxiboko argazki batean. JAIZI FONTANEDA, FOKU
arantxa elizegi egilegor
2018ko ekainaren 13a
07:20
Entzun

Martxoan, Xabier Rey euskal presoa Cadizko (Espainia) bere ziegan hilik agertu eta gutxira aurkeztu zuen EH Bilduk sakabanaketa politika amaitzeko eskatzen zuen legez besteko proposamena. EAJren, Elkarrekin Podemosen eta PSE-EEren babesarekin onartu dute testua. PPk aurka bozkatu du. Proposamenak zehazten du beharrezkoa dela espetxe politika berri bat, zigorrak etxetik urrun betetzea saihestuko duena, eta, beraz, senideekiko harremanak erraztuko dituena.

EH Bilduren hasierako idatziari emendakina aurkeztu zioten jeltzale eta sozialistek, zehaztuz ETAko kideek "aitortu" behar dutela eragindako mina. Puntu horretan abstentziora jo du Alderdi Popularrak. Dena den, IƱigo Iturrate jeltzaleak txalotu egin du presoen auzian legebiltzarrean eta gizartean dagoen "adostasun zabala".

Aldiz, Julen Arzuaga EH Bilduko diputatuak kritikatu egin du PPk urruntze politikak defendatzea, eta adierazi du "elkarbizitza eta normaltasun politikoa lortuko bada" beharrezkoa dela espetxe politikak aldatzea. "Sistema hau bera izan zen Xabier Reyren heriotza eragin zuena". Harekin bat etorri da Elkarrekin Podemoseko diputatu Pili Zabala ere, zeinak gogorarazi duen duela sei urte amaitu zuela ETAk borroka armatua.

Rafaela Romero sozialistak, berriz, adierazi du PSE-EE "beti" agertu izan dela sakabanaketaren aurka, eta hori bera jasotzen duela Espainiako ordenamendu juridikoak ere: "Legea betetzea ez da inoren aurrean amore ematea". Ordea, aurkako irakurketa egin du Carmelo Barrio popularrak, eta esan du "legezkoa" dela sakabanaketa politika.

Kataluniarekiko elkartasuna

Prozesu subiranistarekin lotuta preso sartutako politikari kataluniarrak aske uzteko eskatu dute EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Podemosek Legebiltzarrean, eta kritikatu dute haien aurkako zigorrak "neurrigabeak" direla. Eskaeraren aurka agertu dira sozialista eta popularrak.

Bide batez, Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak iragarri du Kataluniako politikariak preso dauden espetxeetara joango dela, haien egoera bertatik bertara ezagutu eta euren oinarrizko eskubideak betetzen diren ikusi asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.