Katalunia

Gorenak astelehenean erabakiko du auzipetzeez

Azkenean irmoak baldin badira, kargu publikoa etengo diete Rull, Turull, Romeva, Sanchez eta Junqueras diputatuei

Pasa den abenduan presoak askatzeko Tarragonan egindako elkarretaratze bat. JAUME SELLART / EFE
Igor Susaeta - Arantxa Elizegi Egilegor
2018ko ekainaren 15a
08:28
Entzun

Astelehenean egingo dute bista Espainiako Auzitegi Goreneko apelazio aretoan, 10:30etan hasita. Horretan parte hartuko dute prozesu subiranistaren harira auzipetutakoen abokatuek, fiskaltzak, VOX akusazio partikularrak, eta Estatuaren abokatuak. Auzipetuak ez dira present egongo. Pasa den martxoaren 23an Pablo Llarena Goreneko magistratuak kaleratutako auzipetze autoen aurkako helegiteez eztabaidatuko dute.

Autoa, azkenean, irmoa bada, kargu publikoa etengo diete auzipetuetako bosti. Izan ere, eta Espainiako Prozedura Kriminalerako Legearen 384 bis artikulua aintzat hartuta, kargua publikoa eteten zaio pertsona bati, baldin eta matxinada delituagatik auzipetzen eta kartzelatzen badute. Eta Josep Rull, Jordi Turull, Raul Romeva, Jordi Sanchez eta Oriol Junquerasen kasua hori da. Matxinada egozten die Llarenak, eta behin-behineko kartzelaldian daude. Epaiketa udazkenean dira egitekoak.

Ikusteke dago, ordea, zer gertatzen den Carles Puigdemonten eta Antoni Cominen kasuan. Haiek ere parlamentariak dira, matxinada leporatzen die Llarenak, baina ez daude behin-behineko espetxealdian. Hala eta guztiz ere, neurriak haiei ere eragiten diela interpretatzen du magistratuak.

Berez pasa den ekainaren 6an ziren bista egitekoak, baina Gorenak ez zion alegazioak aurkezteko behar beste denborarik eman Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearen defentsari, eta abokatuek helegitearen tramitazioan gertatutako akatsaren berri eman zuten. Beraz, ez zuten eztabaidatu.

Llarenaren aurkako salaketa

Kataluniako Parlamentuko Mahaiak adostutakoa betez,  Llarenaren eta Espainiako Goreneko helegite aretoko beste hiru epaileren aurkako salaketa aurkeztu du Roger Torrentek. Parlamentuko buruak egozten die "prebarikazioa" egitea, ganberaren lana oztopatzea, "legez kanpoko atxiloketak" egitea eta preso nahiz erbestean dauden diputatuen oinarrizko eskubideak urratzea.

Salaketak Torrentek adierazten du diputatuek immunitatea dutela eta, beraz, iazko abenduko bozetan aukeratuak izan ostean, aske uzti behar zituztela. Hala, ohartarazten du hautetsiak espetxean edukiz haien eksubideak urratzen ari direla. "Botere banaketaren, autogobernuaren eta parlamentuaren autonomiaren aurkako erasoa da", gaitzetsi du.

Parlamentuko buruak ostegunean iragarri zuen salaketa jartzeko asmoa. Parlamentuko Mahaiak hartutako erabakiari lotuta dago hura. Izan ere, joan den apirilean Llarenak bigarrenez ukatu zion Jordi Sanchez presidentegaiari inbestidura saioan egotea. "Eskubide politiko eta zibilen alorrean ezin dugu milimetro bakar batere atzera egin. Preso dauden buruzagien eskubideak defendatu behar ditugu".

Presoen auzia argitzeke

Espainiako Barne ministro berriak, Fernando Grande-Marlaskak iragarri zuen herenegun espetxeratutako diputatuen aurkako epaia behin betikoa izaten denean haien gerturatzeari buruzko erabakiak Espetxe Agintaritzak hartzen dituela, baina bien bitartean auzitegiena dela azken hitza. Handik ordu gutxira, ordea, Llarena epaileak aurkakoa esan zuen, alegia, Espetxe Agintaritzak erabakitzen duela non dauden presoak, alegia, Barne Ministerioak.

Eztabaidak buruzagi subiranisten haserrea eragin du, eta "lotsagarri" iritzi dio presoei buruzko auzian erantzukizuna batak besteari egoztea: "Erabaki politikoa da, Barne Ministerioaren eta Espainiako Gobernuaren mahai gainean dagoena. Legea bete behar dute".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.