'Altsasu auzia'

Altsasuko gazteen epaiketa euskal gazteriaren kontrako erasoa dela salatu du Ernaik

Ehunka gaztek manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Iruñeko alde zaharrean, eta Altsasuko gazte auzipetuen alde bihar egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Altsasuko auzian zigortutako presoen aldeko manifestazioa egin dute, gaur, ehunka gaztek, Iruñean. IDOIA ZABALETA, FOKU
2018ko ekainaren 15a
20:15
Entzun

Manifestazio jendetsua espero da bihar, Iruñean. Hainbat gizarte eragilek egin dute bat deialdiarekin, autobusak antolatu dira Euskal Herriko herri ugaritatik eta aurreko egunetan hainbat mobilizazio egin dira Altsasuko auzipetuentzako justizia eskatzeko. Atzo, mobilizazioak izan ziren Gasteizen eta Iruñean, eta gaur berriz ere manifestazioa egin dute Nafarroako hiriburuan ehunka gaztek.

Euskal gazteria bakean uzteko eta Altsasuko gazte auzipetuak aske uzteko eskatu dute manifestariek. Ernai gazte antolakundeak salatu du Auztegi Nazionalak Altsasukoei ezarri dien epaiarekin "euskal gazteria kriminalizatu" nahi duela Espainiako Justiziak. Euskal Herriko gazteen kontrako "erasoa" dela ohartarazi dute, "guztia terrorismoa denaren aitzakiarekin".

Lur Albizu Ernaiko bozeramaileak gaineratu du gazteak ez daudela prest egoera hori onartzeko. "Ez gaude prest prekaritatea, miseria, esplotazioa, epaiketak, muntaiak, gezurrak, zigorrak, kontrolak eta inposizioak onartzeko".

Albizuren hitzetan, inoiz baino beharrezkoagoa da "Euskal Herria aske, feminista eta sozialistaren alde lanean jarraitzea". Albizuk nabarmendu du "soilik independentziak" egingo duela posible "prozesu askatzaile bat bururaino eramatea".

Altsasuko gazteei bi eta hamairu urte arteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Auzitegi Nazionalak, leporatzen zaizkien gertakariak terrorismo delitua ez direla ebatzi arren. Fiskaltzak helegitea aurkeztu dio, gaur, epaiari. Auzipetuek "terrorismo delituak" egin zituztela argudiatu du eta 12 eta 62 urte arteko zigorrak eskatu ditu.

Zuzenbide arloko hainbat profesionalek salatu dituzte Altsasuko auzian izan diren "irregulartasunak" eta zigorraren izaera neurrigabea. Iñaki Lasagabaster juristak eta Sonia Ontorio abokatuek ozen aldarrikatu zuten ezin dela bilatu justiziaren arbitrariotasuna argiago azalduko duen beste kasurik.

Altsausko auzipetuen gurasoek deitutako manifestazioa 17:00etan hasiko da, bihar, Iruñeko Sadar estadiotik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.