Mendebaldeko Sahara

Kohlerren bisita baliatuta, kalera atera dira sahararrak Mendebaldeko Saharan

NBEko Mendebaldeko Sahararako ordezkaria eguerdian iritsi da Aaiunera. Aurreneko aldia da lurralde okupatuetara joaten dela kargua hartu zuenetik.

Herritarrak Marokoren okupazioa salatzeko kalera atera dira gaur Aaiunen. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
2018ko ekainaren 28a
21:47
Entzun

Horst Kohlerren bisita baliatuta ehunka saharar kaleetara atera dira gaur arratsaldean. Kohler eguerdian iritsi da Aaiunera. Mendebaldeko Saharako hiriburua setiatuta dago, eta bertako ekintzaileek jakinarazi dutenez, ehunka polizia eta militar daude kaleetan, baita kalez jantzitako paramilitarrak ere. Kohlerren bisitaren atarian jazarpena areagotu du Marokok. Azken egunotan hainbat ekintzaile atxilotu ditu, bereziki gazteak. Sahararrak, hala ere, kalera atera dira. Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioaren egoitzaren inguruetan hainbat eta hainbat lagun elkartu dira goiz-goizetik, eta arratsaldeko manifestazioen ondoren Marokoko indarrek horietan elkartutakoen aurka jo dute.

Equipe Mediaren arabera, oldarraldien ondoren sortu diren liskarrak Aaiungo auzo guztietara hedatu dira. Hainbat lagun ere zauritu dituzte, horien artean Siddi Mohammed Daddach giza eskubideen aldeko ekintzaile beteranoa. Hiru kazetari ere atxilotu dituzte.

Giza eskubideen ekintzaileekin bilera, bihar

Kohler Aaiungo agintariekin elkartu da gaur. Marokoren tesiak defentsatzen dituzte udal agintariek, okupatutako lurraldearentzat autonomia eskatzen baitute, eta ez independentzia. Sahararrek, aldiz, erreferenduma egitea eskatzen dute, eta gaur kaleetan elkartutako lagunek ere independentziaren aldeko leloak oihukatu dituzte.

Kohler giza eskubideen ekintzaileekin elkartuko da bihar. Aminatou Haidar Codesa elkarteko presidentearekin eta Brahim Dahane ASVDH elkarteko presidentearekin, hain zuzen ere. Giza eskubideen urraketa sistematikoa dela helaraziko diote ekintzaileek nazioarteko ordezkariari, ezen atxiloketak eta torturak etengabeak dira. Lurralde okupatuetan bizi duten bazterketaren eta jazarpenaren berri ere emango diote. Saharar bakoitzeko lau kolono bizi dira jada 300.000 biztanleko hirian. Militarrak ere erruz daude. Okupazioaren ondorio agerikoenak dira.

Kohlerrek Mendebaldeko Saharara egiten duen aurreneko bidaia da iragan abuztuan kargua hartu zuenetik.  Urrian Tindufen (Aljeria) izan zen, erbesteko gobernuko ordezkariekin, eta ondoren Rabaten. Orduan lurralde okupatuetara joateko debekua jarri zion Marokok. Kohlerrek, baina, argi utzi zuen ez zela berriz aldeekin elkartuko lurralde okupatuetan sartzea eragozten bazioten. Christopher Ross aurreko ordezkariarekin berdin jokatu zuen Rabatek. Ross bitan izan zen lurralde okupatuetan, azkeneko aldiz 2013ko urrian. Marokok, baina, konfiantza kendu zion eta ordutik uko egin dio nazioarterko ordezkariekin elkartzeari. Atzora arte. Kohler Marokoko Atzerri ministroarekin elkartu zen atzo. Bezperan Tindufen izan zen, Aljerian. Han Brahim Gali SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentearekin elkartu zen Kohler. Galiren hitzetan "zintzoak" izan ziren elkarrizketak.

Fronte Polisarioaren eskaerari erantzunez joan da nazioarteko mandataria eremura. NBEko Segurtasun Kontseiluak joan den apirilean onartutako ebazpenak bi aldeen arteko negoziazioak sustatzea eskatzen zuen. Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko zuzeneko azken negoziazioak duela hamar urte geratu ziren bertan behera. Manhassetten, New Yorken hainbat erronda egin zituzten 2007ko ekainaren 19tik. Marokok, baina, autonomia baino ez zuen onartzen, eta elkarrizketak bertan behera gelditu ziren.

Afrikako azken kolonia

Mendebaldeko Sahara Afrikako azken kolonia da. Mendebaldeko Sahara deskolonizazio prozesuan dagoen lurraldea da nazioarteko zuzenbidearen ikuspuntutik eta, okupatu eta lau hamarkadara, nazioarteak ez dio okupatzaileari lurraldearen gaineko subiranotasuna aitortzen.

Espainiak traizionatu zituen sahararrak. Franco hiltzear zela, 1975ko azaroaren 14ean, Madrilgo Hiruko Akordioak sinatu zituzten Espainiak, Marokok eta Mauritaniak. Marokok egun batzuk lehenago inbaditu zuen lurraldea, azaroaren 6an. Hassan II.a erregeak 350.000 zibilez osatutako martxa bidali zuen «hegoaldeko probintzietara». Espainiako diplomaziaren ahultasuna baliatuz zeharkatu zuen muga, hiru lekutatik, artean soldadu espainiarrak han zeudela. Koranarekin soilik joango ziren «armatuak», eta «bandera nazionala» eskuetan zutela, baina 25.000 militarrek ere hartu zuten parte hiru egun iraun zuen martxan. Saharar asko basamortuan erbesteratu ziren aurrena, eta, ondoren, Tindufen, Aljerian. Bidean napalm eta fosforo zuriarekin bonbardatu zituzten.

Espainiak Mendebaldeko Saharatik azken soldaduak erretiratu bezperan aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa. Bir Lehlun, lurralde liberatuetan egin zuen ekitaldia. Marokori gerra deklaratu zion.1991eko irailaren 6an, hamabost urteko gerraren ostean, su-etena sinatu zuten aldeek: NBEko Bake Plana. Minurso eratu zen erreferenduma antolatzeko, eta data ere ezarri zen: 1992ko urtarrilaren 26a. Erroldan, 74.000 saharar zeuden. Marokok, baina, etengabe atzeratu zuen galdeketa, erroldaren aitzakiaz, eta, orduz geroztik, milaka kolono bidali ditu Mendebaldeko Saharara. Baker Planak beste galdeketa bat aurreikusi zuen 1998an, baina hura ere ez zen sekula egin. Hassan II.a hil zelarik, semeak ordezkatu zuen: Mohamed VI.a.

Semeak aitaren lekukoa hartu eta hark erabilitako estrategiari eutsi dio okupatutako lurraldeetan. Sahararrek, berriz, erresistentziari eutsi diote. 2005eko maiatzaren 25an Intifada piztu zen Aaiunen. Maatala auzoko kaleetara, militarrei aurre eginez, milaka lagun atera ziren. Jazarpena ere gogortu zen. Intifada horretan hasi ziren giza eskubideen aldeko ekintzaileak nazioartearen arreta bereganatzen, erresistentzia baketsuaren aldeko tesiak zabalduz.

Gdeim Izikeko kanpalekua

Intifada, hala ere, oraindik bizirik dagoela diote giza eskubideen ekintzaileek, manifestazio bat egiten duten bakoitzean jazarpena handia bada ere. Manifestazio saialdi bakoitzari indarkeriaz erantzun dio Marokok. Gdeim Izikeko kanpalekua izan da azken urteetako protestarik handiena. 2010eko urria eta azaroan, Aaiun kanpoaldean 20.000 lagun elkartu ziren, haimatan, hainbat egunez. Marokok indarrez desegin zuen kanpalekua, goizaldean. Marokok kanpalekua zutitzeagatik lau urte eta bizi osora arteko kartzela zigorrak ezarri zizkien iazko uztailean 22 ekintzaile sahararri.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.