Hezkuntza

Bordeleko errektoretzaren aurrean kateatu dira brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko

Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoak errektoretzara sartzen ahalegindu dira, baina Polizia zain zuten iritsi direnerako, eta negar gasa jaurtitzearekin mahatxu egin diete.

Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoak Bordeleko errektoretzaren aurrean, protestan.
2018ko uztailaren 4a
14:47
Entzun

Brebeteko Zientzia proba euskaraz egin zutela eta, 180 ikasleren azterketak "bahitu" zituen atzo Bordeleko Akademia Errektoretzak. Piarres Larzabal, Xalbador eta Manex Erdozaintzi Etxart kolegioetako ikasleen azterketak erretiratu ditu errektoretzak, azterketa horiek zuzentzea eragozteko. Seaska ikastolen elkarteak erabakia salatu du, eta Parisi leporatu dio hizkuntza gutxituen kontrako bideari ekitea. "Erabaki politkoa" izan dela ziurtatu du.

Seaskak iragarri bezala, Bordeleko errektoretzara joan dira gaur hainbat ikasle, irakasle eta guraso, protesta egitera. "Umiliazioaren" aurrean, "haserrea" erakustera joan dira. Iritsi direnerako, zain zuten Polizia. Irakasle eta gurasoek brebeta euskaraz egiteko aukeraren aldeko mezuak erakutsi dituzte pankartetan eraikinaren parean, eta barrura sartzen saiatu dira, baina bidea moztu diete poliziek. Salatu dutenez, Poliziak adierazi die eraikin barrura sartuz gero negar gasa jaurtiko zietela.

Horrenbestez, elkarretaratzea egin dute Seaskako kideek kanpoaldean, eta eraikinerako sarrera blokeatu dute. Bi irakaslek beren buruak kateatu dituzte sarreran.

13:30ak aldera, poliziak kateak moztu dizkiete errektoretzaren atariak kateatu direnei, eta elkarretaratzea amaitu dute. Euskal Herrira itzultzeko autobus hartu aurretik, Bordeleko kaleetatik erakutsi dituzte pankartak eta brebeta euskaraz egiteko aukeraren aldeko mezuak.

Bordelera joandako ikasleek itxaropen handia zuten Zientziako azterketak, euskaraz eginagatik, akademiak zuzendu egingo zituela. ikasleek Historiako eta Matematikako azterketak euskaraz egin ditzakete, baina ez diete onartu Zientziako proba euskaraz egiteko aukera. Orain, urtebeteko lana pikutara joan izanaren kezka dute. Hala ere, egin dutenean sinesten dutela adierazi dute.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.