Liburutegiak

Liburubila aurkeztu dute, kultura edukietarako “leihatila bakarra”

845.000 liburu, 16.250 liburu digital eta 67.267 ikus-entzunezko artxibo izango dituzte eskuragarri herritarrek bestelako eduki kulturalekin batera. Bilatzaileak erraza eta arina izatea du helburu.

Liburubila atari digitala aurkeztu dute. JUNE PRIETO /FOKU
Uxue Gutierrez Lorenzo
2018ko uztailaren 12a
12:59
Entzun 00:00:0000:00:00

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak eta Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariak aurkeztu dute proiektua, Euskadiko Artxibo Historikoan emandako prentsaurrekoan. Duela urtebete ekin zioten proiektua garatzeari, eta Finlandian sustatutako antzeko ekimen bat izan dute eredu. Zerbitzuaren doakotasuna azpimarratu nahi izan dute, edozein herritarrentzat eskuragarri egotea baita helburua. Horrez gain, bilaketa “irakurlearen baldintzetara egokitzeko” aukera dagoela adierazi du Aizpuruk. Bilaketa zehatzak ahalbidetzen ditu, kultura kontsumoa erraztuz. 

Kultura klik bakarrean. Hori da, batik bat, atari digitalaren helburua, kultura eskaintza zabala webgune bakarrean batzea. Euskadiko Irakurketa Sare Publikoa osatzen duten 500 liburutegiekin eta eLiburutegiarekin lotua dago Liburubila, eskaintza fisikoa zein digitala ahalbidetuz. Jada martxan da Liburubila, edozein herritarrentzat eskuragai.

Pirateriari aurre eginez

Zerbitzuaren doakotasunarekin batera, egile eskubideen garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Izan ere, herritarrentzat kosturik izango ez duen arren, Jaurlaritzak dagozkien ordainketak egingo dizkie sortzaileei. Horrez gain, filmak estreinatu eta urtebetera izango ditu eskuragarri erabiltzaileak, ekoizpen etxeekin izan ditzaketen konpetentzia arazoak ekiditeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.