Arkeologia

Historiaurreko Euskal Herriko ustezko lehen hiri planoa aurkitu dute, Anoetan

Harlauza baten gainean egindako trazu linealak ditu piezak: gainazala bitan banatzen duten bi lerro paralelo, eta alboetara zabaltzen diren laukiak. Xabier Peñalverrek eta haren taldeak aurkitu dute, Anoetako Basagain eremuan (Gipuzkoa).

Basagaingo herrixka gotortuan aurkitutako pieza, Anoetan (Gipuzkoa). GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
itziar ugarte irizar
2018ko uztailaren 13a
07:07
Entzun

Iazko indusketa kanpainan aurkitu zuten harlauza. 36,5 eta 29,5 zentimetroko neurriak ditu luze-zabalean, eta 3,5-4 zentimetro arteko lodiera. Erdian kale edo pasabide bat eta alboetan etxebizitzak, bata bestearen jarraian. Harri gainean egindako trazuek hori erakusten dutelakoan da arkeologo taldea. Lehen unean ez zioten berebiziko interesik antzeman, baina marrazkilariak harlauza gaineko lerroen kalkoa egitean jabetu dira irudiaren konplexutasunaz. Euskal Herriko lehen hiri planoa izan daitekeela uste dute, lehen hipotesiaren arabera. Edonola den, trazuen konplexutasuna nabarmendu du Xabier Peñalver arkeologoak, gaur goizean Donostian egindako agerraldian, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua eta Mari Jose Telleria kultura zuzendaria alboan zituela: "Herrixka honetan egindako trazu linealek konplexutasun mental garrantzitsu bat erakusten dute, eta horren esanahia zehatz oraindik ezin badugu ekarri ere, interes handiko bide bat irekitzen digu ikertzen jarraitzeko".

Etxebizitzak liratekeenak elkarrengandik argi bereizita daude, norabide ezberdinetara egindako trazuekin, eta zenbait kasutan gurutze batez ere markatuta. Osotasunean sortzen duen egiturak antzekotasun handiak ditu Guardiako La Hoya eta Nafarroako Cortesko herrixketan jasotako hiri egiturekin, eta horrek indartu du lehen hiri planoaren hipotesia. 

Basagaingo herrixka gotortua bigarren Burdin Aroan kokatzen da, eta k.a. 300. urtetik aro berriaren aurreneko urteak arte luzatzen da, Peñalverrek zehaztu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.