Osakidetza

Oposizioetako epaimahaikide bati espedientea zabaldu dio Osakidetzak

Gasteizko ospitaleko pediatria saileko burua da ikerketapean jarri dutena, azterketan oso gutxik erantzun zezaketen galdera bat sartzeagatik.

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. FOKU
Samara Velte.
2018ko uztailaren 20a
09:31
Entzun

Osakidetzako lan eskaintza publikoko (LEP) filtrazioei buruzko eskandaluaren erdian, sendagile bati espedientea zabaldu diotela jakinarazi du gaur goizean Jon Darpon Osasun sailburuak komunikabideetan. Zehazki, Txagorritxuko ospitaleko pediatriako burua da ikerketapean dagoena. Haren azterketara aurkeztutako ikasleek eurek salatu zuten azterketa bidegabea diseinatu zuela epaimahaikideak: ikasle gutxik ikusi zuten kongresu batean azaldutako kasu bat jarri zuela ariketa praktiko gisa.

Darponek atzo eman zituen azalpenak Eusko Legebiltzarrean Osakidetzako LEPetan ustez gertatzen diren filtrazio eta faboritismoen inguruan. Hainbat sindikatuk, Elkarrekin Podemos eta EH Bildu alderdiek eta hainbat sendagilek salatu dutenez, ohikoa da epaimahaietan dauden zerbitzuburuek euren aukerako hautagaiek postua lortzeko neurriak hartzea; besteak beste, galdera-erantzunak aurretik filtratuz, kode bereziak erabiliz edo soilik batzuek asma ditzaketen gaien inguruan galdetuz. Salaketen ondorioz sortutako kalapitaren erdian, dagoeneko zortzi espezialitatetako hautaprobak ikertzea erabaki du Osakidetzak. Nolanahi ere, pediatria ez dago horien artean, eta Gasteizko sendagilearen kasua salatzen diren praktiken adibide bat izan litekeen arren, sindikatuek printzipioz ez zuten haren aurkako salaketarik plazaratu azterketa egin zutenean; aitzitik, hautagaiak izan ziren azterketaren zati bat bidegabea zela salatu zutenak. Zati hori baliorik gabe utzi zuen Osakidetzak ekainaren erdialdean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.