AEB-ak

EBk eta AEBek akordioa itxi dute muga zergen inguruan

Bi aldeek iragarri dute ez dietela zerga gehiago ezarriko inportazioei eta "berrikusi" egingo dituztela lehendik indarrean diren altzairuaren eta aluminioaren gainekoak. Hala, "garai berri bat" hasi dela iragarri dute.

Juncker eta Trump, Etxe Zuriaren atarian, agerraldia egin ostean. JIM LO SCALZO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko uztailaren 26a
07:47
Entzun

Ezustean heldu da albistea. AEBetako presidenteak eta Europako Batzordeko buruak eman dute gauerdi inguruan egindako agerraldian: "Akordioa lortu dugu". Hala, ez dute muga zerga gehiagorik ezarriko eta inportatutako altzairu eta aluminioaren gainekoak berrikusteko konpromisoa hartu dute bi aldeek.

Lau puntu nagusi ditu hitzarmenak: ibilgailuak ez diren inportatutako industria gaiei dagokienez, muga zergarik, bestelako mugarik eta subsidiorik gabeko testuingurua lortzea hitzartu dute; energia alorrean elkarlanean aritzea ere adostu dute, eta Bruselak iragarri du handitu egingo dituela AEBetatik egindako gas inportazioak; merkataritza errazteko, burokrazia murrizteko eta kostua gutxitzeko elkarrizkeak iragarri dituzte; eta ohartarazi dute "indarrak batuko" dituztela euren interesak babesteko.

Industria produktuen gaineko merkataritza ez ezik, bestelako salgaiena ere errazteko urratsak iragarri dituzte bi aldeek, besteak beste, botikena, zerbitzuena, gai kimikoena eta sojarena. Azken horrekin lotuta Bruselak iragarri du epe motzean AEBei soja erosten hasiko dela. Izan ere, Txinako Gobernuak soja inportazioei ezarritako %25eko muga zergak kalte egingo die AEBetako ekoizleei. Ondorioz, EBrekin lortutako hitzarmenak eta Trumpek berak iragarritako diru laguntzak baretuko ditu haien beldurrak. 

Pozik agertu dira bi aldeak hitzarmenarekin. "Egun handia da gaurkoa. Presidenteak Etxe Zurira gonbidatu ninduenean akordioa lortzea zen nire helburua, eta hori da egin duguna", goratu du Jean-Claude Junckerrek. Hala, akordioarekin "bi aldeek irabaziko" dutela nabarmendu du Washingtonek: "Garai berri bat hasi da".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.