Bilboko Bidebarrieta liburutegian egin da Urrezko Hirukiak eta Trapuzko Espartinak banatzeko ekitaldia. UrrezkoHirukia jasotzera Bikoteen Legearen eztabaidan ekimena babestu zuten talde parlamentario guztietako bozeramaileak joan dira; hau da, EAJko Elixabete Piñol, EAko Onintza Lasa, EB-IUko Kontxi Bilbao, PSE-EEko Gemma Zabaleta eta SAko Jone Goirizelaia. Gustura hartu dute bostek saria.
EHGAMek esker ona azaldu die guztiei; Bikoteen Legea aurrera ateratzea lortu zutelako ez ezik, gay eta lesbianen eskubideen defentsan elkarrekin ados jartzea lortu zutelako.
Jarrera homofoboen gaitzespena irudikatzen duen Trapuzko Espartinak, berriz, Hego Euskal Herriko lau gotzainentzat izan dira, hain zuzen ere, homosexualen berdintasunerako aurrerapausua den Bikoteen Legea onartu zenean, haren aurkaagertu zirelako. Gotzainik ez da agertu, noski, Bidebarrietara espartinik jasotzera.
Bestalde, gay eta lesbianen mugimenduak antolatuta, manifestazioak izango dira gaur arratsaldean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, beren eguna ospatu eta aldarrikapenak plazaratzeko. 19:00etan abiatuko dira guztiak; Donostian Bulebarretik, Bilbon Zabalburutik, Iruñean autobus geltokitik eta Gasteizen Andre Mari Zuriaren plazatik. Ipar Euskal Herrian, joan den larunbatean, Miarritzen, egin zuten gay eta lesbianek jendaurreko agerraldia.
Gay eta Lesbianen Eguna